Udalak aurreikusitako inbertsioen %75,25 bete ziren iaz

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 3a, 16:30
Joan den ostegunean izan zen ohiko osoko bilkura.

2020rako aurreikusitako diru-sarrerei dagokienez, %70,10 gauzatu ziren. 158.000 euroko galera izan zen Kirol Patronatuan, eta hori ordaindu ostean, udalak 6.224.123,03 euroko gerakina izango du erabilgarri.

Aurreko ostegunean, apirilaren 29an, egin zuten ohiko osoko bilkura Zumaian. Besteak beste, 2020ko aurrekontuen betearazpena eta likidazioa izan zituzten hizpide hautetsiek. Udal gobernuaren esanetan, iaz, aurreikusitako diru-sarreren %71,10 eta aurreikusitako gastuen %75,25 gauzatu ziren.

Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak eman zuen likidazioaren nondik norakoen berri. Azaldu zuenez, COVID-19ak irekitako agertokian, hainbat sektoreri "pandemiaren eraginak leuntzeko neurri bereziak hartu" zituen Zumaiako Udalak. "Laguntzetara espero ez zen diru kopuru bat bideratzea ekarri zuen horrek, 2020ko maiatzean milioi bat euroko kreditu aldaketa bat eginda", esan du udal gobernuak. Bestalde, "ohiko gastu batzuk biderkatu" egin zirela ere jakinarazi du, esaterako, "desinfekzioak" eta "garbiketa bereziak". Une batez "inbertsioak gelditu" zirela eta "lehentasuna pandemiaren eraginak leuntzeko laguntzak" izan zirela adierazi du udal gobernuak; dena den, nabarmendu du "inbertsio horiei berriz heldu" ziela "urtea bukatzerako".

"Gastuek gora" egin arren, iaz "sarrerek behera" egin zutela ohartarazi zuen ostegunean Gajatek; "batez ere, Foru Funtsak". Udalak, hain zuzen, aurreikusitakoa baino 1.150.527 euro gutxiago jaso zituen Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Kirol Patronatuaren harira, udal gobernuak esan zuen aurreikusitakoa baino 158.000 euro gutxiago eskuratu zituela iaz kiroldegiko kuotetatik; izan ere, %30 jaitsi zen kuota, eta "bazkide askok baja eman" zutela ere aipatu zuen Gajatek. "Sarrerek beherakada nabarmena izan dute eta, ondorioz, inbertsio asko ez betetzea erabaki da", azaldu zuen. Gauzatu ez diren "partida nagusiak", hala ere, IDAEri eta Emakumeen Etxeari lotutakoak direla adierazi zuen.

Gaur egun 6.382.808 eurokoa da udalaren gerakina, baina Kirol Patronatuak izandako 158.574,42 euroko galera gerakin horren bidez estaliko denez, azkenerako, 6.224.123,03 euro izango ditu erabilgarri Zumaiako Udalak. Gajatek azpimarratu zuen 817.720 euroko defizita izan duela udalak (1.070.256 eurorainokoa onartzen du aldundiak), eta %18koa dela egungo zor bizia (gehienez %70ekoa ematen du ontzat aldundiak).

Kezkak

EAJ taldeko Mari Cruz Alvarezek udalbatzarrean esan zuen jeltzaleek ez zutela "kritika negatiborik" egingo "aurrekontuak izan dituen aldaketen, betearazpen portzentajearen, sarreren gutxitzearen, gastu igoeraren edota aurrekontuen emaitzaren" inguruan. "Urtea arraro joan izana ulertzen dugu", zehaztu zuen. Jeltzaleek hainbat "kezka" atera zituzten mahaira, hala ere.

Langileei dagokienez, batetik, Alvarezek aipatu zuen "gorakada" izan dela "azpikontratazioetan". Gotzon Enbilek, bestetik, kirol arloan aurreikusitako inbertsioak ez gauzatu izana kritikatu zuen, aurreikusitako "134.000 euroetatik 30.000 euro bakarrik bideratu" baitira.