Iker Gonzalez: "Abesbatza asko desagertzear daude"

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 2a, 19:32
Gaur eguerdian Donostian egin duten protestako irudi bat (Argazkia: utzitakoa)

Euskal Herrian federatutako abesbatzek 11 puntutako manifestua irakurri dute gaur eguerdian Donostian, Bilbon eta Gasteizen egindako elkarretaratzeetan. Pandemiaren kontrako neurriengatik, ezin dute entseatu azarotik, ezta emanaldirik eman ere, kontratu bat ez badago tarteko. Horregatik, Gonzalezek udalari eskerrak eman dizkio orain bi aste kontzertua eskaini ahal izateko bidea errazteagatik.

San Pedro Abesbatzako ordezkaritza bat Donostian izan da gaur eguerdian, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak antolatu duen protestan, tartean Iker Gonzalez Zumaiako abesbatzako kidea eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko batzordekidea.

Azarotik entseatu ezinik daude pandemia dela-eta agintariek ezarritako neurriengatik, eta 11 puntuko manifestua aurkeztu dute Donostian, Bilbon eta Gasteizen egin dituzten elkarretaratzeen ondoren. Amaieran, Txoriak txori eta Kantuz abestiak kantatu dituzte.

"Euskadi osoan egitura profesionala duten hamar abesbatza inguru kenduta, gainerakoek ezin dugu entseatu, ezta musika bandek ere, eta horregatik egin ditugu ekitaldi horiek hiru federazioek deituta", azaldu du Gonzalezek. Gaineratu du abesbatza batzuek urtebetetik gora daramatela entseatu gabe, "eta horrek eragin handia izango duela uste dugu, eta abesbatza asko desagertu egingo direla".

Gonzalezen arabera, "egoera honetan jendea abesbatza uzten joaten da, beste eginkizun eta zaletasun batzuetan murgiltzen delako, eta gogorra izaten da berriro itzultzea". Beren egoera ikusarazi nahi izan dute gaur kalera aterata. "Jende bat haserre dago, eta beste batzuk nekatuta. Guretzat aisialdiaz haragoko zerbait da abesbatzan kantatzea: beste pertsonekin egoteko modu bat da, ariketa fisikoa da abestea, eta baita psikikoa ere".

Aukera bakarra, kontratua

"Hainbat zuzendari borrokan ari dira egunero, zerbait lortzeko saiakeran, baina ez dago erantzunik", salatu du. "Gaur egun abesbatzak kantatzeko aukera bakarra da kontratu profesionala edukitzea. Horrela eman genuen guk duela bi aste kontzertua. Udalari eskatu behar izan genion gu kontratatzeko, eta Kandido Uranga aktoreak ere parte hartu zuen, profesionalek ere egon behar dutelako tartean. Horrelako ekitaldi bat antolatzea ez da erraza abesbatza askorentzat, eta bateren batek galdetu dit ea guk nola egin dugun". Zumaiako Udalari eskerrak eman dizkio, emandako erraztasunengatik.

"Tontakeria dirudien arren, besteari entzun egin behar diozu abesbatza batean", esan du Gonzalezek. Horregatik, maskara erabili beharrak eta distantziak zaildu egiten dute kidea entzutearen kontu hori, eta "une batzuetan gogorra da horrela kantatzea,  baina ez dago beste erremediorik; da horrela, edo etxean gelditzea". Zumaiarrek argi dute: bideak topatu nahi dituzte abesteko.

Bestalde, Gonzalezek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarekin laupabost protokolo egin zituen bere garaian abesbatzen federazioak, "baina bertan behera gelditu ziren, ez dakigu oso ondo zergatik". Gainera, azaldu du "Nafarroan eta beste hainbat lurraldetan" baimenduta dagoela entseatzea.

"Erabaki ulertezinak" daude San Pedroko kidearentzat; esaterako, elizetan  kantatu daiteke mezetan, "baina guk ezin dugu, nahiz eta toki berean entseatzen dugun eta neurri berak hartuta, hau da, maskarak jantzita eta distantziak mantenduta".

Manifestuaren 11 puntuak

  1. Abestu nahi eta behar dugula.

  2. Abesbatza gehienok ezin elkarturik gaudela 2020 urteko azaroaz geroztik.

  3. Gure koruetako askok ez dutela abesten jarraituko dagoeneko beraien ateak betirako itxi dituztelako.

  4. Gure zuzendarien lanari esker hainbat eta hainbat familia bizi direla.

  5. Jarduera koralaren aurkako demonizazio kanpaina bat sufritu dugula komunikabideen partetik.

  6. Egungo egoeran, segurtasunez abestu ahal izateko, protokoloak eta Eusko Jaurlaritzarekin adostutako espazioak babestu eta girotzeko neurriak daudela: beste kultura edo kirol jarduera federatu batzuetan bezala.

  7. Ez dagoela COVID-19aren arriskutik %100ean salbuetsita kultura, lana edo eguneroko jarduerarik. Bestelako kirol, kultura edo taldekako jarduera federatuak dagoeneko baimenduta daude. Zergatik ez federatutako abesbatzena?

  8. Abesbatzen jarduera arrisku handikoa dela uste bada:
    a. aplika ditzagun aurreikusitako neurriak
    b. bidera ditzagun kontrolatzeko moduak
    c. alda ditzagun neurriak, nahikoak ez direla ikusten bada, baina ez dezagun sistematikoki kantu korala debekatu

  9. Federatutako Abesbatzok baimena exijitzen dugu, gure entsegu koraletako jarduera aurrez aurre egin ahal izateko. Gure aldetik, Eusko Jaurlaritzak onartutako protokolo koraletan jasotako segurtasun baldintza guztiak errespetatuko ditugu.

  10. Federatutako abesbatzok gure entsegu guneak araudi berriari egokitzeko zuzeneko laguntzak exijitzen ditugu.

  11. Azkenean, zera adierazi nahi dugu: kantatzea segurua da segurtasun neurriak betetzen badira.