Jubenil mutilek Trainerilla Ligako estropada irabazi dute gaur Getarian

Baleike 2021ko mai. 2a, 14:10

Hamalau segundoko aldea atera diete Telmo Deunekoek bigarren sailkatu den San Juan A taldeari, eta erraz irabazi dute estropada. Emakume absolutuetan laugarren izan dira zumaiarrak, eta zazpigarren gizonezkoak.

Etxe ondoan jokatu dute gaur goizean Trainerilla Ligako bigarren jardunaldia Telmo Deun arraun elkarteko kideek,  Getarian izan delako lehia, 11:00etan hasita. Elkarteko lau ontzi uretaratu dira, eta garaipen batekin etxeratu; jubenil mutilek, izan ere, erraz lortu dute irabaztea, bigarren egin duen San Juan A taldeari hamalau segundoko aldea aterata.

Emakume absolutuetan laugarren sailkatu dira zumaiarrak Donostiarra B, Orio eta Donostiarra A ontzien atzetik (seigarren egin du Zumaia B taldeak) eta gizonezko absolutuetan, berriz, zazpigarren egin dute zumaiarrek. Donostiarra nagusitu da kategoria horretan.

Ligatik kanpo, federazio kopan lehiatu da Zumaiako beste ontzi bat gizonezko absolutuetan, eta laugarren sailkatu dira gaur Getarian. San Juan B izan da denen artean azkarrena.