Dozenaka herritarrek hartu dute parte Maiatzaren Lehenaren inguruan antolatutako ekintzetan

Mireia Galarza Bastida eta Julen Imaz 2021ko mai. 1a, 16:57

Langileen Nazioarteko Egunaren harira, LAB sindikatuak eta herriko hainbat gazte eragilek antolatutako ekintzak izan dira herrian.

Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, herriko hainbat gazte eragilek eta LAB sindikatuak antolatutako ekintzak egin dituzte gaur herrian.  

LAB sindikatuak antolatuta, langileen borrokaren aldeko kotxe karabana eta manifestazioa egin dituzte. "Garrantzitsutzat" jo du LAB sindikatuak gaurko eguna, eta Aldaketa da aukera, norabidea aldatzera goaz lelopean, azpimarratu du "borroka sindikal eta borroka sozialak pizten" jarraituko duela, "enplegua, zerbitzu publikoak, zaintza sistema publiko komunitarioa eta pentsioen defentsan". Egoera aldatzeko, "norabide aldaketa" defendatu du, "ez sozialki ez ekologikoki ere ez delako sistema hau sostengatzen".

Hurrengo pausoa borroka sindikal eta sozialak hauspotzen jarraitzea dela azpimarratu du: "Momentuak greba eta mobilizazio berriak eskatzen ditu. Momentuak Greba Orokor bat eskatzen du, eta LAB prest dago Greba Orokorrari buruz hitz egiten hasi eta bide horretan adostasunak bilatzeko". 

Herriko hainbat eragilek antolatuta, aldiz, urte honetan hil diren langileei omenaldia egin diete Beheko Plazan. 20:00etan, berriz, Tubacex enpresako langileei elkartasuna adierazteko argazkia aterako dute, eta jarraian manifestazioa egingo dute Beheko plazatik hasita.

Argazkiak: LAB eta Julen Imaz/UKT