Positibotasun tasa %6,8ra jaitsi da EAEn

Guztira 14.247 test diagnostiko egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta positibotasun tasa %7,3tik %6,8ra jaitsi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %5,6tik %5,5era Nafarroan. Gainera, atzo ez zuten inor ingresatu beharrik izan Osakidetzako Zaintza Intentsiboko Unitateetan. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Nafarroako Osasunbideak jakinarazi dituzte atzo, ostirala, Hego Euskal Herrian egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Guztira 929 lagunek eman zuten positibo atzokoan, denera egindako 14.247 test diagnostikoan. Bezperan 646 test gutxiago egin zituzten –13.601– eta positiboak ere gutxiago izan ziren, baina aldea txikia da –892 pertsona, hau da, 37 gutxiago–. Hala, jaitsi egin da positibotasun tasa, %7,3tik % 6,8ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,6tik %5,5era, Nafarroan.

Lurraldeka, Araban 78 positibo zenbatu zituzten atzokoan, Bizkaian 400, Gipuzkoan 281, Nafarroan 160 eta beste erkidego edo toki batzuetako 10 kasu ere baieztatu zituzten, bestalde.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 95 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, eta COVID-19a duten 189 pertsona daude Zaintza Intentsiboko Unitateetan; aurreko eguneko kopuru bera da hori.