Asteartetik aurrera izena eman ahalko da Musi-K udalekuetan

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 1a, 11:34
2018ko udalekuen amaierako argazkia

Udaleku musikalak uztailaren 19tik 30era egingo dira, eta HH4tik LH6ra bitarteko haurrek parte hartuko dute. Aurre-izen ematea irekiko da asteartean, maiatzak 4.

Gerturatzen ari da uda, eta hala, udaleku eskaintzen berri ematen hasi dira erakundeak eta eragileak. Esaterako, herriko txikienek musika udalekuetan parte hartzeko aukera edukiko dute uztailaren 19tik 30era, eta asteartean, maiatzak 4, zabalduko da aurre izen ematea.

Musi-K udalekuak HH4tik LH6ra arteko umeentzat antolatuko dituzte (09:30etik 13:00etara izango dira), eta bertan parte har dezakete bai musika ikasten ari direnek, bai ikasketa formalik jasotzen ez dutenek. Ubillos jauregian egingo dituzte udaleku hauek, musika ardatz hartuta. 85 euro kostako da matrikula, eta 65 euro ordainduko dituzte familia ugariek.

Pausoak

Interesa dutenek izena emateko orria bete eta postaz (alondegia@zumaia.eus) edo Alondegian bertan utzi ahalko dute.

Tokia mugatua denez, eskaera gehiegi baleude zozketa bidez erabakiko litzateke nork parte hartuko duen udaleku hauetan. Maiatzaren 25ean posta elektronikoz mezua jasoko dute parte hartzeko aukera dutenek, eta baieztapena jaso ondoren egingo dira izen ematea eta ordainketa. 

Epe barruan ordaintzen ez dutenek tokia galduko dute, eta itxaron zerrendan daudenei eskainiko zaie aukera.

Bestalde, gogorarazi dute pandemiaren egoerak aldaketak eragin ditzakeela egitasmo honetan.