Asteleheneko atxiloketak salatu ditu LAB sindikatuak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 24a, 10:30
(@LABsindikatua)

Mobilizazioan salatu dute "polizia eta patronala eskuz esku" aritu zirela asteleheneko atxiloketetan, eta gaineratu dute ez dutela "pauso bakar bat ere atzera egingo, ezta aldarrikapen bakar bat albo batera utziko" ere.

LAB sindikatuko sei kide atxilotu zituzten astelehenean Iruñean, eta gertaera hori salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo hainbat herritan; tartean, baita Zumaian ere. Dozenaka herritar bildu ziren atzo iluntzean Beheko plazan, Borroka sindikal feminista aurrera zioen pankartaren atzean. Mobilizazioan salatu zuten "polizia eta patronala eskuz esku" aritu direla operazioan, eta "bi protesta ekintza baketsu zehatzen inguruan antolatutako muntaia poliziala" izan dela. Gertaeren irakurketa hau egin zuten: "patronala, aparatu judiziala eta polizia, gure ekintzak indargabetu eta zigortu nahian dabiltza".

Izan ere, LABek azaldu zuen "ekintza sindikal borrokalaria" egiten duela sindikatuak, eta "sistema kapitalista heteropatriarkala berrarmatu" egiten dela horren aurrean. Zehaztu zuen bi ekintzetan emakumeak izan zirela protagonista, eta hori ere ez dela "kasualitatea". "Ezarritako ordena zalantzan jartzen ari gara eta garesti ordainduko dugula adierazi digute. Alferrik ari dira, ez dugu pauso bakar bat ere atzera egingo, ezta aldarrikapen bakar bat albo batera utziko. Sektore feminizatu eta prekarizatuetako langileok ez gaude prest sistemaren jokoa egiten jarraitzeko. Garaia da egunero gure lantokietan pairatzen ditugun diskriminazio egoera guztiak amaitzeko".