Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

Iñigo Peña: "Neguan egindako lana oso ona izan da; bide onetik goaz Tokiora"

Maria Maya Manterola 2021ko api. 23a, 11:14

Tokioko Olinpiar Jokoetarako Espainiako selekzioarentzat K2 modalitateko 1.000 metroko proban toki bat eskuratu zuen Iñigo Peñak (Zumaia, 1990) Francisco Cubelosekin batera duela ia bi urte. Ziurtatutako toki hori beraientzat izatea lortu dute aste honetan, Trasonan (Asturias, Espainia) jokatutako hautaketa proban. Jokoetan parte hartuko duen bigarren aldia izango da Peñarentzat.

Pozik zaude Tokiorako txartela eskuratuta?

Oso pozik. Pisu bat kendu dugu gainetik. Beste karrera batzuk eta hautaketa proba batzuk zeuden Europako eta Munduko txapelketetarako, baina guretzat ez dute garrantzirik, behin Tokiorako txartela lortu ondoren. Hemen gaudenez, proba horietan parte hartzen ari gara, lehiako erritmo horri eusteko. Entrenatzeagatik lehiatzen gara. 

Txapelketaren balorazio positiboa egiten duzu?

Bai, oso ona. Aurkari gogorrak genituela bagenekien; hiru aurkari-edo oso indartsu daude nazio mailan. Irabazteko gure onena eman beharko genuela bagenekien, baina zorionez uste baino errazago irabazi genuen. Lasterketa kontrolpean izan genuen une guztietan, eta horrek baieztatzen du neguan egindako lana oso ona izan dela eta bide onetik goazela Tokiora begira. Sentsazio onak ditugu.

Lasaitasuna eman al dizue Cubelosi eta zuri Tokiorako txartela eskuratzeak?

Bai. 2019an lortu genuen plaza Munduko txapelketan bigarren egin ondoren, baina plaza horiek ez ziren nominalak, federazioarentzat baizik. Federazioak esan zigun azken unera arte jendea tentsioan mantendu nahi zuela, eta Olinpiar Jokoetara sasoi onenean zegoen taldea eraman. Bagenekien hiru hilabete lehenago izango genuela hautaketa proba, baina pandemiarekin urtebete atzeratu zen guztia. Plaza lortu genuenetik gure izenean ziurtatzea lortu arte ia bi urte igaro dira. Luzea egin zaigu, baina zorionez dena ongi joan da; gure izenak idaztea lortu dugu, eta oso pozik gaude. 

Rioko Olinpiar Jokoen aldean, nolakoak izango dira aurtengoak?

Prentsatik jasotzen dugu informazioa; askoz gehiago ere ez dakigu. Publikoa murriztuko dute; bertakoak soilik sartuko direla uste dut. Egonaldia bera ere murriztuko dute, eta oso egun gutxi izango ditugu bertan egoteko. Riora bi aste lehenago joan ginen, eta lasterketa jokatu ondoren beste astebete geratzeko aukera eman ziguten. Uste dut txapelketa hasi baino lau edo bost egun lehenago joan ahal izango garela aurten, eta behin zure txapelketa amaitutakoan, 24 orduren buruan egin beharko dugu buelta. 

Jokoak ezberdinak izango dira, baina egia esan, bigarren mailako kontua da niretzat hori. Garrantzitsuena da jokoak egingo direla. 

Aurrez txertoa jasoko duzue, ezta?

Bai, herenegun baieztatu zuten Olinpiar Jokoetarako hautatu gaituzten kirolariek txertoa jasoko dugula. Ez dakigu zein txerto izango den, baina datorren hilabetean txertatuko gaituzte. Ez da derrigorrezkoa izango, baina aukera hori emango digute, eta nik ez dut dudarik izango txertoa hartzeko. 

Maiatzaren 14, 15 eta 16an Munduko Kopa jokatuko dugu Hungarian. Tokion izango ditugun aurkariekin neurtuko gara, eta hor ikusiko dugu zer maila dugun.

Datozen hilabeteotan zer prestakuntza egingo duzue?

Maiatzaren 14, 15 eta 16an Munduko Kopa jokatuko dugu Hungarian. Tokion izango ditugun aurkariekin neurtuko gara, eta hor ikusiko dugu zer maila dugun. Espainiako Koparekin amaituko dut igande honetan, eta gero, maiatzeko hitzordua prestatzen hasiko gara buru-belarri; beti ere, bista Tokiotik kendu gabe. 

Tokiora begira, zer asmo dituzue Cubelosek eta zuk?

Rion bosgarren izan nintzen, diploma olinpikoa eskuratu nuen, eta nik uste dut indartsuago gaudela orain. Barku hau indartsuagoa da Riokoarekin alderatuta, eta orain dela lau urtekoak baino emaitza hobeak dira lortzen ari garen emaitzak. Ikusita azken txapelketatan bigarren egin dugula, esperantza Rioko bosgarren postu hori hobetzea da, eta dominen lehian izatea. 

Zer ematen dizu Cubelosek?

2017an hasi ginen elkarrekin K2a prestatzen. Aurretik ez genuen barkurik egin elkarrekin, baina entrenatzaile berarekin geuden. Asko ezagutzen gara, 2010etik ari gara elkarrekin entrenatzen. Hasieratik oso ondo moldatu ginen, eta emaitza onak lortu genituen. Cubelos nire kide izateak konfiantza handia ematen dit; munduko piraguista onenetariko bat da. Ohore bat da niretzat berarekin K2a egitea. Ea Tokion ziklo polit hau elkarrekin borobiltzen dugun.