Gaurko greba deialdiak eragin nabarmena eduki du hezkuntza publikoan

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 22a, 13:13

Gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean gaur Herri Eskolan, HH eta LHn irakasleen erdiek baino gehiagok egin dutelako bat grebarekin. Haur oso gutxi bertaratu dela baieztatu diote BALEIKEri eskolako ordezkariek. DBH eta Batxilergoan irakasle gutxiagok egin du bat grebarekin, baina ikasle gehienek protesta egin dute, eta ez dira eskolak jasotzen ari. Langile publikoen behin-behinekotasuna salatzea da gaurko grebaren helburua.

Zumaiako Herri Eskolan eragin nabarmena ari da izaten gaurko sindikatuek deitutako greba eguna. Esaterako, HH2tik LH6ra 756 haur baldin badaude matrikulatuta, horietatik 51 bakarrik joan dira eskolara gaur. Hala esan diote BALEIKEri ikastetxeko ordezkariek.

Gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean,gainera, irakasleen %65ek egin dutelako bat grebarekin Aita Mari eraikinean, eta beste eraikinekoen %63ek.

Oikiako Eskolan irakasleen erdiek baino zertxobait gehiagok egin dute bat grebarekin, baina ez da ikasle bakar bat bertaratu (25 ikasle dira gaur-gaurkoz).

Gaurko grebaren arrazoia da salatzea langile publikoen behin-behinekotasuna, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deitu dute grebara. Zehazki, langile publikoak deitu dituzte protestara ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek.

Institutuan, ikasleak protagonista

Protestara langileak deitu dituzten arren, ikasle helduenek ere hartu dute hitza gaurkoan –DBH3, 4 eta Batxilergokoek–. Esaterako, institutuan irakasleen %28k egin dute greba (74 langiletatik 21ek, zehazki esateko), baina ikasleen gehiengoak egin du bat Ikasle Abertzaleak gazte mugimenduaren deialdiarekin, eta eskolara bertaratu badira ere, alde egin dute 09:45ean. Datu horiek eman dituzte institutuko ordezkariek.

Bestalde, oraingoz ez dago udal langileei buruzko daturik; hau da, ez dute jakinarazi zenbatek egin duten bat grebarekin.

Langile publikoen kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen dela iritzita, horren aurka egiteko deitu dituzte grebara Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoak. Sindikatuek grebaren bidez negoziazio kolektiboa indartu dadila nahi dute, “Jaurlaritzatik hasi eta herri txikieneko udaleraino”.

Gainera, salatu dute grebaren deialdia argitaratu zenetik instituzioek ez dutela "negoziaziorako borondaterik erakutsi", eta euskal sektore publikoko behin-behinekotasun maila “guztiz onartezina” dela iritzi diote. “Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu eta guztiz orokortuta dago esparru guztietan”, adierazi dute. Gaineratu dute horren atzean instituzioen “zerbitzu pubikoak pribatizatzeko eta horiekin negozioa egiteko” asmoa dagoela.