Udalak Energia Burujabetza batzordea sortuko du, trantsizio energetikora bidean pausoak emateko

Maria Maya Manterola 2021ko api. 21a, 12:49

Energiaren gaiarekin interesa duten herritarrei zabaldu diete parte hartzeko deialdia. Energiari buruzko azterketa bat egin eta martxoko jardunaldietan trantsizio energetikoaz jardun ondoren, norabide horretan pausoak ematea izango da erronka.

Trantsizio energetikora bidean pausoak emateko asmoz, Energia Burujabetzarako batzordea sortuko du Zumaiako Udalak. Proiektu berrien inguruan hausnartu eta erabakiak herritarrekin hartu nahi dituzte, eta horregatik, batzorde ireki horretan parte hartzeko deialdia egin die zumaiarrei. 

Energiari buruzko azterketa bat egin zuen iaz udalak. Herri mailan dauden gabeziak identifikatu eta hobetzeko bideak jasotzeaz gain, zenbait erronka eta bideorri zehaztu dira bertan. Besteak beste, kontsumoa murriztea eta ekoizteko beharra nabarmendu ziren azterketan. Ondoren, Aldaketa garaia da jardunaldietan trantsizio energetikorako gakoak izan zituzten hizketagai martxoan. Orain, norabide horretan pausoak ematea izango da helburua, eta horretara dator Energia Burujabetza batzordea. 

Batzordean parte hartzeko interesa duenak helbide honetara idatzita eman dezake izena: energia@zumaia.eus

Energia birgaitzeko jarduketak egiteko, laguntzak

Udalak, bestalde, herritarrei eman nahi izan die Zumaiako Udalak PREE programaren berri. Eraikinen jasangarritasuna bultzatzea da programaren helburua, inguratzaile termikoa aldatuz, jatorri fosileko erregaien bidezko sorkuntza termikoko instalazioen ordez iturri berriztagarrietan oinarritutako sorkuntza termikoa edo autokontsumoarko sorkuntza elektriko berriztagarria ezarriz edota argiztapenaren energia efizientzia hobetuz. 

Horrez gain, energia berriztagarrien erkidegoek edota herritarren energia erkidegoek egindako jarduketak sustatu nahi ditu programak, energiaren barne merkatuaren eta energia berriztagarrien gaineko azken zuzentarauek ezarritakoari jarraituz. 

2021eko uztailaren 31ra arte eskatu ahal izango dira laguntzak. Oinarriak hemen irakur daitezke.