Gipuzkoako Herriarteko txapelketan parte hartuko du Zumaiak

Andoni Elduaien 2021ko api. 21a, 10:16
Herriarteko txapelketako irudi bat, 2018. urtean.

Zesta-puntako txapelketan izango da Zumaia. Sei jardunalditako ligaxka jokatuko dute zumaiarrek; Donostiaren, Hondarribiaren eta Mutrikuren aurka. 

Atzo, asteartea, egin zituzten Gipuzkoako Herriarteko txapelketen zozketak. Urtebeteko etenaldiaren ondoren, aurten berriro itzuliko da pilotalekuetako herrien arteko dema. Hamasei herri lehiatuko dira eskuzko txapelketan, hemezortzi gomazko paletakoan, zazpi larruzko paletakoan zein pala motzekoan, eta lau zesta-puntakoan. Eskuzko txapelketan Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak parte hartuko dute; gomazko paletako txapelketan, Aiak, Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zestoak; Zumaiak, berriz, zesta-puntako txapelketan parte hartuko du. Eskuzko eta gomazko paletako txapelketak ohiko formatua izango dute beste behin. Herri bakoitzaren etxean, joaneko eta itzulerako hiruna partida jokatu beharko dituzte.

Martxan jarriko den lehen txapelketa gomazko paletakoa izango da; izan ere, maiatzaren lehen bi asteburuetan Zestoak Debaren aurka jokatu beharko du kanporaketa aurrekoa. Etxean hasiko du lehia Zestoak eta itzulerakoa Deban jokatuko du. Final zortzirenak, berriz, maiatzaren 16ko asteburuan hasiko dira. Aiak Astigarraga izango du aurkari –etxean hasita–, Azkoitiak Errenteria –etxetik kanpo hasita– eta Azpeitiak Tolosa –etxean hasita–; Zarautzek eta Oriok, aldiz, elkarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Zarautzen jokatuko dituzte joaneko partidak eta Orion itzulerakoak. Gomazko paleta txapelketako finala ekainaren 27an jokatuko da. 

Hona hemen gomazko paleta txapelketako koadroa, osorik:

Eskuzko txapelketan, bestalde, Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak parte hartuko dute. Final zortzirenetan hasiko dute hiru herriek ibilbidea maiatzaren 16ko asteburuan, eta Azkoitiak Oiartzunen aurka jokatuko du; Oiartzunen arituko dira joaneko partidetan, baina itzulerako partidak Azkoitian jokatuko dituzte. Azpeitiak, berriz, Oñatiren aurka etxean ekingo dio txapelketari, eta Oñatin erabaki beharko du kanporaketa. Zestoak, ostera, Alegiaren aurka etxetik kanpo abiatuko du txapelketa, eta itzulerako partidak Zestoan jokatuko dituzte. Eskuzko Herriarteko txapelketa ekainaren 26an jokatuko da.

Hona hemen eskuzko txapelketako koadroa, osorik:

Zumaiak, ostera, zesta-puntako txapelketan parte hartuko du. Zumaiarekin batera, Donostiak, Hondarribiak eta Mutrikuk ere jokatuko dute aurtengo Herriartekoa. Sei jardunaldiko ligaxka jokatuko dute zumaiarrek. Lehen bi jardunalditan Donostiaren eta Hondarribiaren aurka etxean arituko da, eta hirugarrengoan Mutrikura egin beharko dute bidaia. Ligaxkaren erditik aurrera, berriz, Donostian eta Hondarribian jokatuko dute lehenik, eta azken jardunaldia etxean, Mutrikuren aurka. Zesta-puntako finala ekainaren 20an jokatuko da.