500eko langa gainditu du Zumaiak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 14a, 13:16

Eremu gorrian jarraitzen du Zumaiak, eta gora egiten jarraitzen du intzidentzia tasak: atzoko probetan baieztatutako zortzi kasu berriekin, 518,98ra igo da tasa. Hego Euskal Herrian 1.217 emaitza positibo zenbatu dituzte azken orduetan.

Atzo egindako PCR eta antigeno probetako emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Beste zortzi kasu positibo zenbatu dituzte Zumaian; hortaz, aste honetan hamazazpi kasu baieztatu dituzte jada. Zumaia atzo sartu zen eremu gorrian, 400dik gorako intzidentzia tasa gainditu baitzuen. Azkeneko datuen arabera, baina, are gehiago igo da herriari dagokion tasa, eta 500eko langa ere pasatu du gaur: 518,98koa da une honetan.

Herenegungo emaitzekin alderatuta, nabarmen igo da Urola Kostan baieztatutako kasu positiboen kopurua: 44 kasu berri zenbatu zituzten herenegungo probetan, eta 78 atzokoetan.

Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien, hemeretzi, baina gertutik jarraitu diote Azkoitiak eta Oriok, hamahiruna emaitza positiborekin. Azpeitian bederatzi kasu positibo detektatu dituzte azken orduetan, eta Getarian sei. Aian eta Zestoan gorakada nabarmen bat ere izan da atzoko emaitzetan: kolpera sei kasu berri izan dira Aian, eta lau Zestoan. Errezilen, Beizaman eta Aizarnazabalen, aldiz, ez dute kasu positiborik detektatu atzoko probetan.

Azkeneko datuak kontuan hartuta, Zumaiaz gain, eskualdeko beste hiru herri daude eremu gorrian: Azkoitia, Orio eta Zarautz. Gainera, gora egiten jarraitzen dute udalerri horietako 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasek ere. 1.000ko langa gainditu du Azkoitiak, eta 1.043,14koa da herriko intzidentzia tasa gaur-gaurkoz (976,38koa zen atzo); Oriok eta Zarautzek, aldiz, 700eko muga pasatu dute, eta 766,47ko eta 715,30eko tasak dituzte une honetan, hurrenez hurren (atzo 587,08ko eta 646,76ko tasak erregistratu zituzten).

Azpeitia, ordea, eremu laranjan sartu da atzoko emaitzekin, 300eko langa pasatu baitu: intzidentzia tasa 295,66koa zen atzo, eta 335,09koa da gaur egun. Horretaz gain, Urola Kostan badira eremu gorrian ez egon arren 400eko tasa gainditu dutenak; hain zuzen, Getaria eta Aia. 1024,73ko eta 604,53ko tasak dituzte, hurrenez hurren.

1.200dik gora kasu Hego Euskal Herrian

Koronabirusa hautemateko 13.929 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian eta, guztira, 1.217 emaitza positibo izan dira: 456 kasu zenbatu dituzte Gipuzkoan, 419 Bizkaian, 214 Nafarroan, 123 Araban eta bost lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasa, hortaz, %8,9koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %8,1ekoa Nafarroan. Lurralde guztietan hazi da tasa, %7,8koa eta %7,7koa izan baitzen herenegungo probetan.

Atzo baino hiru lagun gehiago daude Osakidetzan ospitaleratuta: 433. Horietatik 133, hain zuzen, ZIUetan daude. Ospitaleratze berriek, ordea, behera egin dute Osakidetzan: 90 izan dira azken orduetan.