Egunsenti berri bat ontzioletan

Jokin Sagarzazu/Berria 2021ko api. 11a, 12:55
Naval behin betiko itxi duten arren, Euskal Herriko ontzigintza indartsu dago gaur egun, eta geratzen diren hiru ontziolek–tartean Balenciagak– gainezka dute lan zorroa. Hala ere, sektorearen tamaina ez da duela 40 urte bezalakoa, eta beste era bateko lanak egiten dituzte.

Edonondik ikus zitezkeen itsasoko erraldoi haien burdinazko hezurdurak, eta entzun haietatik zintzilik lanean ari zirenen mailuen hotsak eta haien gorputzen neke eta bizi kezkak. Azkenean, xanpain botilak kaskoan klask egin eta barkua itsasoratzea lortzen zutenean, jaiegun bat balitz bezala ospatzen zuten herrian.

Denak ateratzen ziren ibaiaren ertz bietara momentu historiko hura argazki kamerekin gordetzera. Lantegiak eta herriguneak ia bereizi ezinak ziren garaiak ziren. Baina, behinola munduko barkurik handienetakoak egiten zituzten euskal ontziolen inguruan, haien arrastorik ez da geratzen ia gaur egun. Aisialdirako espazio bilakatu dira, eta hango garabiak eta dikeak fetitxeak baino ez dira.

Azken 40 urteetan ontzi sektoreak eraldaketa sakona izan du. Denbora horretako krisialdi ekonomikoek itxuraldatu egin dute, eta gaur egun zutik geratzen direnek beste tamaina bateko lanak eta helburuak dituzte. Barku handirik ez dute egiten gehiago. Azkenengo urteak onak izan direla eta aurreikuspenak ere baikorrak direla azpimarratu dute egun zutik dirauten hiru euskal ontziola nagusien arduradunek.

Iazkoa azken urteetako onenetarikoa izan zuten, COVID-19aren krisiari izkin egitea lortu zuten: bederatzi kontratu berri egin zituzten, eta, aurtengo lehen hilabeteetan lortutako beste laurekin batera, guztira hogei itsasontzi dauzkate zorroan: hamar ditu Zamakonak Santurtzin (Bizkaia), Pasaian (Gipuzkoa) eta Las Palmasen (Kanariak, Espainia); sei Balenciagak Zumaian (Gipuzkoa); eta lau Muruetak Erandion eta Muruetan (Bizkaia). Horrek gutxienez 2023ra arteko lan karga ziurtatzen die.

Ez dute suziririk jaurti nahi, hala ere. «Gorabehera asko» dituen sektorea dela diote, eta testuinguru globalaren ezinago mendeko dela. Balenciagako iturriek azaldu dutenez, azken bost urteetan «lautada moduko bat» igaro dute, «nahiko egonkorra», baina COVID-19ren ondorioak zein izan daitezkeen jakiteko oraindik goizegi dela uste dute. «Gure sektorean krisiak beranduago nabaritzen ditugu, bi-hiru urte lehenago negoziatutako eskariekin lan egiten dugulako; iazkoak, aspalditik ari ginen lotzen. Hortaz, aurrerago nabari ditzakegu oraingoaren ondorioak. Hala ere, baikorrak gara».

Jarraitu artikulua irakurtzen.