Jon Agirre txirrindulariak Euskal Herriko Itzulian parte hartuko du

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 5a, 12:13

Erlojupeko proba izango da lehen etapa, Bilbon. Agirre bigarren postuan aterako da, 14:04ean. Ostiralean, berriz, probako bosgarren etapan, Zumaiatik igaroko da lasterketa.

Gaur hasiko da Euskal Herriko Itzulia txirrindularitza proba entzutetsua Bilbon. Jon Agirre Arroa Beheko txirrindulari gazteak parte hartuko du bertan Ken Pharma taldearekin, profesional mailan diharduen bigarren denboraldian. Urtarrilean Urola Kostako HITZAn argitaratutako elkarrizketa honetan azaldu zuenez, ilusio berezia zeukan Itzulian parte hartzeko.

Gaurtik apirilaren 10era bitartean, sei etapa izango ditu Euskal Herriko Itzuliaren 60. edizioak. Erlojupeko proba izango da gaurkoa eta, hain zuzen, parte hartuko duten 167 txirrindularietatik bigarren postuan aterako da Agirre. Euskaltel Euskadi taldeko Mikel Bizkarraren ondoren, minutu batera abiatuko da lehiara, zehazki, 14:04ean.

Itzulia eskualdetik 

Lehia Bilbon hasi eta Eibarren bukatuko da: lehen hiru etapetan, Bizkaian eta Araban ibiliko dira txirrindulariak. Laugarren etapa, berriz, Araban hasi eta Gipuzkoan bukatuko da, eta azken bi etapak Gipuzkoako nahiz Bizkaiko lurretan jokatuko dituzte. Hain zuzen ere, ostiralean jokatuko den bosgarren etapan, Zumaiatik eta Urola Kostako beste hainbat herritatik igaroko da Itzulia. Zehazki, Hondarribian (Gipuzkoa) hasi eta Ondarroan (Bizkaia) amaituko da bosgarren etapa. Azken etapa, berriz, Ondarroan hasi eta Eibarko Arraten bukatuko da. Tartean, baina, Azkoititik pasatuko dira txirrindulariak, eta Elosuatik barrena, Bergarara joango dira.