'Eurocopa honi ez!' dinamikari babesa erakutsi diote Zumaian

Juan Luis Romatet 2021ko api. 3a, 11:25

Eurocopa honi ez! mugimenduari babesa erakutsi zieten atzo Zumaian, Gernika parkean ateratako argazki batekin. Horretaz gain, Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia ere egin zuten antolatzaileek. 

Europako Futbol Txapelketako partidak hartzeko hautagaietako bat da Bilbo. UEFAk hala erabakitzen badu, Espainiako selekzioak San Mames futbol zelaian jokatuko luke. Horren aurrean, Eurocopa honi ez! izeneko dinamika abiatu dute, eta ekitaldi nagusi bezala manifestazioa egingo da apirilaren 10ean Bilbon bertan.

Dinamika horri babesa erakutsi nahian, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Zumaian, Gernika parkean, anbulatorio zaharraren aurrean. Eurocopa honi ez! Antolakuntzaz aurre egin leloa zeraman pankartaren bueltan bildu ziren bertaratu ziren gazteak.

Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia ere egin zuten. Autobusa antolatu dute eskualdetik, eta izena emateko bi aukera daude: Nikol tabernan izena emanda, edo 608 23 89 41 telefono zenbakira deituta edo mezua bidalita. Prezioa 10 euro izango da, eta busa goizeko 10:15ean abiatuko da Kantauri plaza aurreko geltokitik. Itzulerako busa 14:30ean abiatuko da.