Erretratua

Nieves eta Jose Alvarez Chorro, frutari, eta ez fruta saltzaile

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 2a, 08:52
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Askorako eman dezakete lau hamarkadak. Horixe da, hain zuzen, Alvarez Chorro anai-arrebek Chorro frutategian egin duten denbora.

40 urte, haien aitak 1970eko hamarkadaren amaieran sortutako negozioaren lekukoa hartu eta ogibidea erraietaraino ezagutzeko. 40 urte, elikadura ohiturak eta, orokorrean, bizi ohiturak aldatzen ikusteko. 40 urte, milaka fruta ernetzen, heltzen nahiz usteltzen ikusteko, sasoiz sasoi eta urtez urte errepikatzen den bizi ziklo batean. Milaka kolore, usain eta zaporek bete dute Chorro fruta denda azken lau hamarkadetan, eta Nieves eta Jose Alvarez Chorrok Basadiko bazter horretatik ikusi, usaindu eta dastatu dituzte guztiak, baita hainbat eta hainbat bezerok ikus, usain eta dasta zitzaten ahalbidetu ere.

“40 urtetik gora zituela geratu zen langabezian gure aita. Beste lan baten bila hasi zen, baina, orain askori gertatzen zaien bezala, ez zuen ezer topatu. Hiru seme-alaba zituen, eta hipoteka bat ordaintzeko. Orduan bururatu zitzaion frutategi bat martxan jartzea”, azaldu dute chorrotarrek. Hasieran, Basadiko kale baten izkinan zegoen biltegi bat izan zuen egoitza nagusi. Plazan zegoen merkatuan jartzen zuen postu txiki bat goizero, eta, arratsaldeetan, inguruko hainbat baserritan banatzen zituen produktuak; “Aizarnazabalen, Oikian, Endoian edota Arroan”, anai-arreben esanetan.

19 urte zituen batak eta 15 besteak, eta orduan hasi ziren “aitari laguntzen” eta mundu horretan “murgiltzen”. “Bekario sartu ginen eta postuan onartu gintuzten”, jo digu adarra Nieves Alvarez Chorrok. “Baserrietara joaten ginen, eta lotsa ematen zigun hasieran. Iristen ginenean, oihu egiten zuen aitak: ‘fruteroa!’ Baina hori ere gainditu genuen gero. Edonondik dirua lortu beharra dagoenean, ez dago besterik”.

Martxan jarri eta urtebete ingurura erosi zuten lokala Basadin, eta gaur egun hor jarraitzen dute. Hala ere, frutak eta barazkiak inguruko baserrietan banatzen jarraitu zuten urte luzez, bai eta plazako merkatuan postua jartzen ere. Hori, baina, erabat aldatu zen, alde batetik, Nieves eta Jose Alvarez Chorroren ama gaixotu zenean, eta, bestalde, plaza eraldatu zutenean eta han postua jartzeari utzi behar izan ziotenean. “Erretiroa hartu zuen gure aitak, ama zaindu ahal izateko”, diote anai-arrebek; “Orduan, guk biok jarraitu genuen fruta dendan”.

Ogibide bakar

“Guk hemen egin dugu lan beti, ez gara beste inon aritu”, nabarmendu du Jose Alvarez Chorrok. Gainera, haien langile jarduera toki berean amaitzea espero dute biek, Nievesek adierazi duenez: “Gure asmoa da hemen jarraitzea erretiroa hartu arte. Hori izango da gure borroka, ordura arte irautea”. COVID-19aren agerpenetik fruta dendako “salmentek gora egin” dutela adierazi digute, baina horren aurretik, egoera aski latza bizi zutela diote: “Hamar urte inguru generamatzan etengabe behera egiten”.

Bi frutariek seme bana dute, baina ez dute uste frutategiko hirugarren belaunaldi bilakatuko direnik: “Batek daki gero zer gertatuko den, baina une honetan, geroari begiratuta, ez dirudi gure atzetik etxeko inor datorrenik negozioari jarraipena ematera”. Hala ere, horrek ez die nahigaberik eragiten. “Gu beti egon gara hemen eta garbi dago lanbide honen bidez ez dela inor aberastuko. Guk ez daukagu Mercedesik denda kanpoan aparkatuta, lanerako furgoneta baizik. Egia esan, ni ez nau mintzen negozioak gero ordezkorik ez izateak”, dio Nieves Alvarez Chorrok. “Izatekotan, pena ematen didana da negozioa hor geratzea. Hala ere, ikusita zein den gainera datorkigun etorkizuna, ez dit penarik ematen etxekoek jarraipenik ez emateak, gaizki pasatuko zutelako, nire ustez”, gaineratu du Jose Alvarez Chorrok.

Aldaketen lekuko

Anai-arrebek gauza ugari eraldatzen ikusi dituzte azken 40 urteetan, eta beste batzuk, antzeko mantentzen. Esaterako, aipatu dute auzoa ez dela asko aldatu azken hamarkadetan, saltokiei eta familia negozioei dagokienez, behintzat: “Parafarmazia da berria den denda bakarra. Gainontzean, okindegia, arrandegia, harategia edota gure frutategia hemen mantendu dira azkeneko hamarkadetan eta, gaur egun, horietan jarduten dugun bigarren belaunaldia gara gehienetan”.

Fruta dendan saltzen duten eta bezeroek erosten dituzten produktuen sortan, ordea, begietsi dituzte aldaketak, eta azpimarratu dute, gaur egun, “aukera eta aniztasun gehiago” dagoela eskaintzan. “Hasi ginenean, adibidez, lau sagar mota genituen. Orain, 22 ditugu”.

Ez dira, baina, salgai dauden fruta eta barazki motak soilik aldatu. Bi frutariak ohartu dira erosteko modua ere desberdina dela orain: “Lehen baino kantitate txikiagoak eskatzen dira egun, baina gauza ezberdin asko erosten dira. Orain bezeroak etortzen dira eta esaten digute: ‘Emaizkidazu bi laranja, bi sagar eta bi madari’. Lehen esaten ziguten: ‘Emaizkidazu bi kilo laranja, edo bi kilo sagar, edo bi kilo madari’. Etxeko guztiok jaten genuen berdina lehen, sei pertsona ginen mahai baten bueltan, berdina jaten. Orain, baina, pertsonalizatuagoak dira salmentak, eta aniztasun handiagoa dago etxe bakoitzeko. Gustu propioak ditu bakoitzak, eta egun batean gauza bat nahi dugu, eta hurrengoan beste bat ”. “Desberdin jaten da orain, eta gure gustuak aldatu egin dira”, gehitu du Nieves Alvarez Chorrok.

Salmenten eta, beraz, fruten eta barazkien elikaduraren “oinarria”, ordea, nahiko tinko mantentzen dela uste dute biek: “Oinarria dira madariak, sagarrak, platanoak, zitrikoak… Orain ere antzekoak dira gehien saltzen diren frutak. Zitrikoak dira erreginak eta, gero, platanoak dira salduenak. Izan ere, oso erosoak dira jateko: erraz irekitzen dira, ez dute zikintzen eta edonora eraman daitezke. Sagarra ere asko saltzen da”.

Kuttunak

Fruta gogokoenaren inguruan galdetzean, bat hautatzeko zailtasunak dituzte biek, “guztiak gustuko” baitituzte. Sabela baino, anai-arreben gogoa bete dute frutek azkeneko ia mende erdian, eta nabarmendu dute ez dela berdina “frutari izatea edo fruta saltzea”. “Fruta saltzen duen jende askok ez daki zer saltzen duen, eta ez da kezkatzen jakiteaz. Frutariok bai, kezkatzen gara. Ez dugu telefonoz eskatzen hemen saltzen dugun fruta; gu geu joaten gara erostera. Mota onenak aukeratzen saiatzen gara, eta badakigu mota bakoitza noiz dagoen unerik onenean, edo noiz txarrenean”, dio Jose Alvarez Chorrok.

Nieves Alvarez Chorro

  • Adina: 60 urte.
  • Ikasketak: Lanbide Heziketa 1.
  • Lanbidea: frutaria.
  • Frutaria ez banintz... Administrazio publikoan.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Esertzea.

Jose Alvarez Chorro

  • Adina: 56 urte.
  • Ikasketak: Lanbide Heziketa 2.
  • Lanbidea: frutaria.
  • Frutaria ez banintz... Jubilatua.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Esertzea edota semearekin Play Stationean jolastea.