Euskararen lekukoa kalera atera dute, euskaltegiei bultzada emateko

Maria Maya Manterola 2021ko mar. 28a, 14:30

Euskalduntze mugimendua sustatzeko eta euskarari bultzada emateko, urte hauetan Korrikan parte hartu duten eragileekin egin dute ekitaldi xumea Beheko plazan. AEKko kideek 22. Korrikaren datak iragartzeko baliatu dute hitzordua.

Gaur, igandea, Euskal Herriko 80 herritan kalera atera dira herritarrak, euskaltegiei eta euskarari bultzada emateko. Ez dute kasualitatez aukeratu gaurko eguna; izan ere, Korrika egin izan balitz, gaur amaituko litzateke ibilbidea. Zumaian ere herritar ugari elkartu da Beheko plazan egin duten ekitaldian, AEK euskaltegien sarearen deiarekin bat eginez. Bertso eskolako Irati Arakistain eta Joar Garatek bertsoak abestu dituzte, eta trikitilariek eta pandero jotzaileek girotu dute ekitaldia. 

AEKko kideek azaldu dutenez, mende erditik gorako ibilbidea dute euskaltegiek, eta horren ondorioz, euskarak hiztun berriak irabazi ditu azken hamarkadetan. Pandemia garaian ere ohiko ikastaroekin jarraitu dute: "Osasun neurriak gordeta, ohiko ikastaroekin jarraitu dugu, eta nabarmendu nahi dugu euskaltegien ari diren ikasleen eta irakasleen ahalegina". Hala eta guztiz, Euskal Herriko herritarren % 55 erdaldunak direla gogorarazi nahi izan dute, eta beraz, beharrezkotzat jo dituzte euskaltegiak. 

Euskalduntze mugimendua sustatzeko eta euskaltegiei bultzada emateko, ordea, euskarak herria behar duela argitu dute. Haien hitzetan, egunero dute herritarrek ekarpena egiteko aukera; euskara erabiliz edo prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio kanpainak sustatuz edota euskara bizitzeko nahia plazaratuz. 

22. Korrika, martxoaren 31tik apirilaren 10era

Korrika atzeratu arren, ez dute bertan behera utzi: "Azpimarratu behar dugu oraindik ere nahitaezkoa dela duela 40 urte jaio zen ideia ero eta zoragarri hori gauzatzea". Datorren urtean 22. Korrika egin ahal izateko buru-belarri dabiltza AEKko kideak, eta ekitaldia baliatu dute dataren berri emateko: 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean gauzatuko da.