Maite Aizpurua: “Korrika egiteko makina deabrua da niretzat”

Maria Maya Manterola 2021ko mar. 28a, 17:30
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Taula gainean bere bakarkako lana estreinatu zuen Maite Aizpuruak joan den urteko martxoan. Aurkezpen bira bete-betean harrapatu zuen pandemiak, baina han-hemenka emanaldi batzuk izan ditu. Bazterrekoak eszenara eraman ditu Aizpuruak ondutako 'Erresistentzia arazo fisikoa da' obrak. Horman Poster kolektiboko kideekin batera, 'Antigone edo ezetzaren beharra' taularatuko du orain. Martxoko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Euskal Antzerki Topaketetan estreinatu zenuen Erresistentzia arazo fisikoa da bakarkako antzezlana. 

Prozesuan zegoen lana zen orduan. Ni berria nintzen, eta ez nekien zenbat denbora iraungo zuen prozesuak. Sortzen jarraitu nuen, eta lehenengo aurkezpen bat egin nuen lan definitiboarena hemen, Zumaian, martxoan. Gero, Eztena Jaialdian aurkeztu nuen, udazkenean. 

Zer harrera izan du?

Antzerki garaikideko kodigoak erabili ditut. Euskal Antzerki Topaketetan lantzen ari nintzenean monologoaren tankera zuen, baina gero beste bide bat hartu zuen. Bakarrizketaren umorezko parte bat badago, baina ez dauka ohiko narrazio lineal bat. Harrera nahiko ona izan duela iruditzen zait. Publiko ezberdinen artean funtzionatu du: 70 urteko batez bestekoa ere egon da emanaldi batzuetan. 

Zure gorputzarekin eta ikusleekin esperimentatu duzu, beraz.

Hasi nintzenean ez neukan buruan gaur egun dena. Hasi nintzen sortzen hainbat lekutatik, baina ez nuen uste bukatuko nuenik zerbait hain biografikoa egiten edo edukiaren parte bat inbestigazio biografiko bat izaten. Sorkuntzak bide horretatik eraman ninduen, konturatu nintzelako korrika egiteko makina batekin ari nintzela lanean, eta herrena nintzela, eta ez zegoela besterik… Azkenean nire biografiaren inbestigazio lan bat egiten amaitu nuen, hainbat gai mahaigaineratzeko.


Zerk bultzatu zaitu bide hori hartzera?

Sorkuntza prozesuak berak. Matxalen De Pedroren akonpainamendu artistikoa izan dut prozesu guztian zehar. Proiektuaren zuzendaria ni neu izan arren, De Pedro izan dut laguntzen: erabakiak hartzeko, bide berriak zabaltzeko… ez da hainbeste zuzendaritza klasiko bat, baizik eta prozesu guztian zehar dagoena zure lana ateratzen laguntzeko. Eta ez bere kriterioa inposatzeko. 

Sorkuntza prozesuan gauza pila batekin esperimentatu genuen, eta ohartu nintzen beti oinarri biografikoa zuten gauzek funtzionatzen zutela, nire disgusturako eta kalterako. Azkenean, De Pedroren laguntzaz bidea hori zela erabaki nuen, edo, gutxienez, gauza bat eszenikoki kontatzen asmatzen nuena horixe zela. Igual izan daiteke nire lehenengo lana delako, eta ikerketa horretan errazagoa delako artistikoki guregandik oso gertu dauden gaietara jotzea. 

Antzezlanean iradokitzen duzu “ageriko ikusezinak” zaretela herrenak. 

Aztertu nahi izan dut nola eraikitzen den egia eszena gainean. Uste dut gaur egungo egia eraikitzeko forma ez dela bat eta bakarra, ertz asko dituelako egiak. Antzezlanaren dramaturgiaren bitartez egia horrekin jolasten saiatu naiz. Aldatzen doan egia bat da. 

Badaude gorputz batzuk klitxe batzuetatik desgaitu bezala klasifikatuta daudenak, eta beste batzuk, adibidez, herrenak, normatibitate bipedoan bazterretan aurkituko ginatekeenak. Iaz, bat-batean, desgaitasun fisikoa duten pertsonen elkartea ezagutu nuenean, galdetu zidaten ea nola ez nuen beraiengana jo ordura arte. Konturatu naiz bollera bezala edota emakume bezala nire burua politizatu dudala. Kapazitismoarena politizatzen nuen, baina beti besteen gorputzetan, eta inoiz ez nirean. Momentu batean ezgaituen zakuan gehiago nengoen gaituenean baino. Ordurako ezin nuen erabaki egunaren edo momentuaren arabera zein aldetan egon nahi nuen. Hor hasi nintzen politizatzen zer den egotea erdibideko linbo horretan. 

Momentu batean ezgaituen zakuan gehiago nengoen gaituenean baino. Ordurako ezin nuen erabaki egunaren edo momentuaren arabera zein aldetan egon nahi nuen.


Azkarrago harrapatzen omen da gezurtia herrena baino.

Orain jabetu naiz behin estreinatu eta gero nolabaiteko dolu prozesu bat hasi dudala. Dolu pertsonal bat, sistema honetako gaitasunetatik guztiz kanpora geratzen den garai bateko gorputz bat dela-eta. Antzezlanak diskapazitatea duen pertsona batek normatibitatearekin duen harreman anbibalentea erakusten du. 

Normatibitatearekin daukazun harremana ez da gauza zurrun bat: alde kapazitista kontuan izanda, badaude gai diren pertsonak eta badaude gai ez direnak; gehienok hor tartean daude. Ezaugarri batzuk sisteman desgaituen artean sartzen zaituzte. Ezaugarri horiek nire kasuan aldakorrak dira: sistemarekiko erresistentzia oso bortitz batean bizitzetik, aldatu den gorputz eta gaitasun normatibo batzuk eskuratu ditut. Nire helburua zen horrekin jokatzea, publikoaren begirada aldatzen joatea: eszenan ikusten duenean gorputz herren eta lodi bat, gorputz horrek egin dezakeenaz eta egin ezin dezakeenaz, desiratu dezakeenaz eta desiratu ezin dezakeenaz… antzezlanaren bitartez begirada hori aldatzen joatea edo leku ezberdinetatik begiratzen joatea. 

Normatibitatearekin hausteak erresistentzia dakar.

Bai. Erresistentzia politikoki erabili izan den hitza da ofentsiba baten aurrean. Gorputz batzuk badaude ezin dutenak aukeratu ez bizitzea erresistentzia batean. Hau da, normatibitatea etengabe hausten dute. Ez da desiratutako gauza bat. Nire kasuan, behintzat, oso fisikoa da. Esan nahi dudana da hau ezin dela gorputzik gabe bizi, momentu horretan zarenak eta nire kasuan herrena izateak bizitzako arlo guzti-guztiak gurutzatzen dituela, bai harremanetan, bai politikoki, bai maila pertsonalean, bai bizitza antolatzeko forman… 

Etengabeko erresistentzia batean bizi zara, eta badakizu edozer egiten duzula ere, ezin izango duzula erraztasun batetik egin. Erresistentzia termino politiko bat da: ez da aukera bat, oso lotuta dago materiari. 

Maite eta korrika egiteko makina taula gainean. Bien arteko elkarrizketa bat al da antzezlana?

Korrika egiteko makina deabrua zen niretzat. Korrika egiteko makina baten aurrean zabaltzen den promesa da hor norbaitek hor egingo duela korrika modu funtzional batean, modu errentagarri batean, gorputz atletiko batekin, edo gutxienez horretan bihurtzeko desirarekin. Normatik kanpo gauden gorputzak ez gara bizi orain eta hemen; beti bizi gara etorkizun hobe baten desiran. Beti zerbait hobearen subjektu deseanteak gara. Kapazitismoaren kasuan, gaitasunak hobetzeko desira da. Promesa hori oso garrantzitsua da niretzat. Hor dago, baita ere, nork bere mugak gainditzearen kontzeptua, oso anbibalentea dena. 

Horren aurrean, promesa hori da azkenean gurutzatzen gaituena gure bizitzetan, eta horren aurrean interprete herren batek promesa horrekiko duen harremana aztertzen du. 

Sorkuntza prozesuan korrika egiteko makinarekin esperimentatu ondoren, deabrua izaten jarraitzen du?

Lanerako elementu bezala ikusten dut. Prozesuaren hasieran fisikoki ere asko esperimentatu nuen makinarekin, jolas parke bateko tiobibo bat balitz bezala. Alde batetik, korrika egiteko makinaren iruditeria zabaldu zait; eta, bestetik, lanerako elementu bat da niretzat. Hala ere, deabrua izaten jarraitzen du niretzat. 

Errehabilitaziorako makina bat ere izan daiteke. Hori adibidez ez neukan pentsatuta. Kasu honetan, bide artistikotik, baina izan da. 

Proiektuak martxan jarri nahi ditugu, alde batetik, testuinguruarekin lotuta daudenak gure inguru natural, artistiko eta familiarrarekin, eta bestalde, antzerkia sortzeko formak, eszenaratzeko formak eta ekoiztekoak, birpentsatuko zituena.

Horman Posterrera batu zara Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urrestirekin batera.

Hamar urtetik gorako ibilbidea du kolektiboak. Helburu batekin batu ginen: euskal antzerkigintzan ekarpen bat egitea, antzerkigintza garaikidetik. Proiektuak martxan jarri nahi ditugu, alde batetik, testuinguruarekin lotuta daudenak gure inguru natural, artistiko eta familiarrarekin, eta bestalde, antzerkia sortzeko formak, eszenaratzeko formak eta ekoiztekoak, birpentsatuko zituena. Formularik gabe jarri ginen martxan. Berez, proiektuak aurrera ateratzea da horretarako formulak bilatzeko mekanismoa. 

Gehien antzeztu den obra klasikoa da Antigone. Euskaraz taularatuko duzue Horman Poster kolektiboko kideek.
Xanti Agirrezabala, Jon Ander Urresti eta hirurok kolektibora batu ginenean, modu oso libre batean probak egiten hasi ginen, elkarren arteko konexio puntua aurkitzeko. Desobedientziaren gaia atera zen, eta horrekin bueltaka genbiltzala, Antigonaren testua atera zen. Obra literarioa eta Antigona pertsonaia desobedientziaren ikur bilakatu dira, bai mugimendu sozialetatik, bai feminismotik, literaturan ere asko aztertutako pertsonaia da… 

Konturatu ginen ondo zegoela klasiko bat hartzea, klasiko hori hartu eta horrela kontatu beharrean, pentsatzeko erreferentzia horrekin. Batez ere, aztertzea Europako zurien kultura klasikoarekin eta ikono eta obra horrekin zer harreman dugun guk. Kontua ez da klasiko bat horrela taularatzea, baizik eta horren inguruan sortu den imajinarioa aztertzea gaur egunetik. 

Erronka handia izan da betikoa berritzea?

Bai. Alde batetik, historia klasikoa kontatu nahi duzu; baina, bestetik, nahi duzu hortik ateratzen diren gaiekin zer harreman duzun ikertu. Itzulpen bat egin behar duzu 2.500 urte geroago. 

Ez zegoen konpainia profesionalik euskaraz egin zuena. Jokin Zaitegi jesuitak exilioan pentsatu zuen euskal kulturak behar zuela obra klasiko handiak itzultzea, euskal kultura jasoa sortzeko. Saiatu ginen bere testuarekin, baina garai bateko euskara batuaren aurretik zegoen euskara jasoaren saiakera bat zen testua, oso ederra, baina lanerako balio ez zuena. Zer zentzu dauka 2.500 urte geroago Antigona euskarara ekartzeak? Zer gertatzen zaio sortzaileari ez badu lortzen bere lana publikoak edo irakurleak ulertzea? Galdera hori bera egin genion guk geure buruari. Zergatik dira mitoak mito? 

Gaur egun presente dagoen gai bat ere ageri da antzezlanean: hildako bat modu duin batean agurtzeak dolu prozesu batean izan dezakeen garrantzia. 

Antigonak estatua desobeditzen du bere anaia gurtzeko. Gertatu dena gertatu eta gero, garrantzi handia hartu du gai horrek. Tragedia atera da, nahiz eta horren bila ez ginen joan. Arriagan, esaterako, ikusle bat shock-ean geratu zen, eta protokoloarekin atera behar izan zuten. Ez dakit gaiagatik den, estetikagatik… 

Seguru nago gaur egun gutako gehienak gure inguruko hildakoak agurtzeko eskubidea badugula. Nik hori esaten dut zumaiar bezala eta zuri bezala. Guretzat ohikoa dena pribilegio bat da. Baina bat-batean pribilegio hori geneukana eta oso garrantzitsua dena ez daukagu. Zenbat jende ote dago ezin dituenak hildakoak agurtu? Estatuak esaten du: “pertsona hau ez da duina, arrotza da, eta txakurrak jan dezala bazter hartan. Desterratuko dugu hil ondoren”. Hasieran etortzen zitzaizkigun Gerra Zibileko eta Mediterraneoko hildakoak. Zenbat gorputz geratzen dira bide bazterretan gurtu gabe? Gu pribilegiatu batzuk gara, eta bat-batean ez daukagu pribilegio hori. Eta gainera, ez dugu desobeditzen pribilegio hori. Egoera horretan aurkitu den jende askok inpotentzia sentituko zuela pentsatzen dut. 

Sofoklesen originalean horrek ez dauka hainbeste pisu. Hasieran, hainbat modutara kontatzen da mitoa bera, eta gero boteredunaren tragedia, obedientearen tragedia eta desobedientearen tragedia ageri dira. Horrela egituratzen da obra. Denbora guztian dago irakurketa bat rol bakoitzaren kontraesanena, eta rol bakoitzaren pribilegio egoerarena, ardurena eta menpekotasun egoerarena. 

Urte eta erdiko prozesua izan da. Azaroan aurkeztu zenuten, eta orain herriz herri ibiliko zarete?

Bai, Arriagan aurkeztu genuen azaroan, eta geroago Azpeitian Euskal Topaketetan. Emanaldi bat edo beste badugu, baina borrokan gabiltza boloak lortzeko.

Beste proiekturen bati heldu diozue? 

2022rako Souvenir proiektua sortzen ari gara. Turismoaren gaiarekin hasi ginen, nola eragiten zuen gure inguruan. Gizakiak uste du mugarik ez duen animalia bakarra dela. Errealitate bat da nolabaiteko neokolonialismo bat edo espazioaren anbizio bat oraindik eta bizitza hobeak sortzeko mundutik kanpo. Turistak daukan anbizio hori leku guztiak ezagutzeko, leku guztietan sartzeko… Mugagabeak garen sinesmen hori turismoan asko ikusten da. Pandemiak hankaz gora jarri digu, baina ez dakit. Hori da abiapuntua. 

Koronabirusaren krisialdiak hankaz gora jarri zuen zure lehenengo bakarkako obra ere. 

Ni hasi berria naiz, baina zortea izan dut Horman Posterrekin, azkenean ekoizpen nahiko handitan sartu naiz, eta aukera izan dudalako sorkuntza lanaz gain ezagutzeko banaketa, ekonomia, testuinguru artistikoa, lekuak, pertsonak… 

Proiektuak aurrera ateratzeko desirarekin gaude, baina gero oso ezegonkorra da guztia. Proiektuak lasaitasunez eta prekarietatik kanpo planifikatzeko egiturarik ez dago. Horren aurrean, gure estrategia da sorkuntza bateko eginbeharrak kolektiboki egitea, bizitza eta lana uztartzeko eta, bide batez, ondo bizirauteko formula propioak topatuz. Koronabirusarekin hori areagotu egin da. Planifikaziorenak berdin jarraitzen du: ezin aurrera begiratu segurtasunez. Gorabeherak oraindik eta intentsoagoak dira. 

Lan pertsonalarekin eta konpainiarekin sentitzen dudana da elkarrizketa gehiago ematen ditugula boloak baino. Horrek esan nahi duena da sentsazioa daukagula interes handia sortzen dutela proiektuek, baina emanaldiak lortzea guretzat oso zaila da.

Lan pertsonalarekin eta konpainiarekin sentitzen dudana da elkarrizketa gehiago ematen ditugula boloak baino. Horrek esan nahi duena da sentsazioa daukagula interes handia sortzen dutela proiektuek, baina emanaldiak lortzea guretzat oso zaila da. Ez da joera orokorra, badaude programatzaileak konpainia berrien eta proposamen berrien alde apustu egiten dutenak, baina, orokorrean, oso zaila da emanaldiak lortzea ez bazara konpainia oso ezagun bat edo komedia naturalista egiten duen konpainia bat. 

Ez dago modurik proiektu sakonenak eta prozesu luze eta berritzaileenak modu duinean garatu ahal izateko . Pena da. Antzezten duzunean batzuei gustatuko zaie eta besteei ez, baina sentsazioa daukat jendeak beste zerbait eskatzen duela. Jendeak Netflix ikusten du. Informazioaren kudeaketa, irudiak eta istorioak nola jasotzen ditugun, zer desira daukagun guk ere artelan batekin harremana izateko… aldatzen doa, eta antzerkian ere jendeak asko eskertzen ditu dena esplikatua ematen ez duten antzezlanak. Ez dator bat eskaintza jendeak daukan desirarekin. 

Neurri murriztaileek, distantziek eta etxeratze aginduek bizitzak, sozializatzeko espazioak eta ohiturak baldintzatu dituen garaiotan, balioan jarri dugu kultura?

Hor sartzen da jokoan zer den kultura bera. Bizirauten jarraitu behar dugu, eta ondo dago kontzertuak, antzezlanak eta erakusketak mantentzea, baina hortik harago doa. Ekitaldi horiek zerbait baldin badira, erritu sozialak dira. Antzezlana ondo egongo da, baina hobeto sarreran norbaitekin topatu eta komentatzea zer moduz dabilen, edo bukaeran antzezlana gustatu zaigun… Kultura hori da, elkartzeko leku bat. Ondo dago arte eszenikoetako profesionalek baldintza eskasetan bada ere, lan egiten jarraitzeko antzokiak zabalik mantentzea, baina ez gaitezen engainatu. Ez da hori, edo ez da hori bakarrik. Garrantzitsuena jendearekin elkartzea da. Harreman hori beharrezkoa da. Antzezlan bat martxan jartzen denean, gertaera hori da garrantzitsua. Hori da kultura. 


Zer aholku emango zenioke antzerkiaren mundura gerturatu nahi duen norbaiti?

Esango nioke proiektu pertsonalak ez direla bakarkakoak, eszenan bakarrik agertu arren. Nik jaso dudan laguntzarik gabe ez nuen sinetsiko. Eskatu, jaso, eman… horrela ateratzen dira proiektuak aurrera. Bakarrik ezin da. Esango nioke animatzeko ate denak jotzera. Nirekin kolaboratu duten ia guztiak hogei urtetik gorako ibilbidea duten profesionalak dira. Asier Renteria ez, baina ez dago Euskal Herrian soinu teknikari hoberik. Eta niretzat huskeria bat egiten aritu da.