Harrera beroa izan du ‘Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean’ dokumentalak

Maria Maya Manterola 2021ko mar. 27a, 15:45

Azken hamabi hilabeteek Zumaian izan duten eraginaren argazkia egiten du 'Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean’ dokumentalak. Herritarren testigantzez osatutako ikus-entzunezkoa da, etorkizuneko zumaiarrei eskainia. Gaur aurkeztu dute, Aita Mari aretoan.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Mugarri izan den urtea Zumaian nola bizi izan duten biltzen duen dokumentu grafikoa gaur aurkeztu dute Aita Mari aretoan. Emanaldi itxia izan da, dokumentalean parte hartu duten zumaiarrek eta boluntario sareetako kideek izan baitute estreinaldian ikusteko aukera. 

Hasteko eta behin, Maria Zubimendi akordeoi jotzaileak pieza ederra eskaini die bertaratutakoei. Ondoren, Iñaki Ostolaza alkateak hartu du hitza: Ostolazak aipatu du urte gorabeheratsuaren inguruko testigantzak biltzea zela Zumaiako Udalaren asmoa. Bestetik, "lehen lerroan egon diren langileei" zuzendu zaie alkatea: "Gogoan ditugu erresidentzietako langileak, osasun zentroetakoak eta erietxeetakoak". Eta, amaitzeko, boluntario sareetan parte hartu duten dozenaka zumaiarrei eskerrak emateko baliatu du hitzartzea Ostolazak. Besteak beste, maker sarea, jostunen sarea, adinekoei erosketak egiteko gazteen sarea izan ditu alkateak hizpide. 

Jon Maia dokumentalaren zuzendariak, bestalde, azaldu du gaur egungo zumaiarrak baino, etorkizunekoak izan dituela gogoan sortze-prozesuan. Maiak, gainera, "baliabide xumeekin egindako ikus-entzunezkoa" dela esan du proiekzioa hasi aurretik. Hala eta guztiz, Maiaren hitzetan, "superprodukzio bat" da dokumentala, jo dituzten ate guztiak zabalik aurkitu dituztelako eta herriak "erantzun paregabea" eman diolako pandemiari. 

Lau emanaldi

Asteburuan izango dute herritarrek dokumentala ikusteko aukera. Hain zuzen ere, lau emanaldi izango dira datozen egunetan: gaur, larunbata 19:00etan; bihar, igandea, 17:00ean eta 19:30ean; eta astelehenean, 19:00etan. 

Bertaratzeko asmoa dutenek Zumaiako Turismo Bulegoan eskuratu beharko dituzte gonbidapen-txartelak. Udalak jakinarazi du Turismo Bulegoa igande eguerdira bitarte izango dela zabalik, eta beraz, gonbidapenak nahi dituztenek lehenago eskuratu beharko dituztela. Emanaldi horien ostean, dokumentala interneten egongo da ikusgai.