Realak astelehen honetan jasoko du udalerriaren bandera

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 21a, 18:00

Apirilaren 3an Kopako finala jokatuko dute Sevillan (Andaluzia, Espainia) Realak eta Athleticek, eta zalerik gabe jokatuko denez, txuri-urdinek nahi dute "Gipuzkoa gertu sentitu". Horregatik, futbol taldearen autobus ofizialak lurralde osoa zeharkatuko du herriz herri bihar eta etzi, eta herri bakoitzean udalerriaren bandera hartu, eta Realarena utziko du. Bihar egingo du geldialdia Zumaian.

Jokin Aperribai Realeko presidenteak gutuna helarazi die Gipuzkoako alkate guztiei, Gurekin kanpainaren berri emateko. "Apirilaren 3a oso egun garrantzitsua da guretzat, eta apaltasunez esanda, baita Gipuzkoarentzat ere, gure ustez". Izan ere, egun horretan jokatuko du taldeak Kopako finala Sevillan (Andaluzia, Espainia) Athleticen aurka, baina pandemia egoera dela eta, zalerik gabe izango da norgehiagoka.

"Gure jende guztia, Gipuzkoako jendea, hurbil sentitzeko ahalegina egin nahi dugu", azaldu du gutunean. Hala, Realaren autobus ofiziala lurraldean zehar ibiliko da udalerrietako banderak hartzen, eta Realarenak uzten, kanpainarekin bat egitea erabakitzen duten herrietan. Udalek udaletxeko balkoian jarriko dute talde txuri-urdina babesteko oihala.

Realak, berriz, udalerrietan jasotako bandera guztiak eramango ditu Sevillara, "hain une garrantzitsuan eta, espero dezagun, historikoan, presente egoteko".

Zumaian bihar, astelehena, egingo du geldialdia autobusak, 11:25ean bake epaitegi aurreko autobus geltokian. Autobusa Getariatik etorriko da (han frontoian egingo dute bandera trukea) eta Debarako bidea jarraituko du ondoren.