Oriaren 27. Jaitsieran parte hartu dute zumaiarrek ere

Mireia Galarza Bastida 2021ko mar. 21a, 14:10

10:00etan eman diote hasiera aurtengo Oriaren Jaitsierari, eta eguraldiak lagunduta, dozenaka herritar elkartu dira traineruak ikusi eta animatzera. Guztira, emakumezko eta gizonezkoen 30 talde atera dira, eta Hondarribiak eta Donostia Arraun Lagunak taldeek irabazi dute.

Oriaren 27. Jaitsiera jokatu dute gaur Orion 30 ontzik, 20k gizonezkoetan eta hamarrek emakumezkoetan. 6.000 metro egin dituzte aurrenekoek arraunean, eta 4.000 metro emakumezkoek.

Gizonezkoetan lehia egon da, eta segundo batengatik Hondarribiak eraman du bandera, 19:17,58 denbora eginda. Santurtzi eta Kaiarriba A izan dira bigarrenak eta hirugarrenak. Zumaiarrek, bere aldetik, 11. postuan amaitu dute, 20:12,67 eginda.

Emakumezkoetan errazago nagusitu da Donostia Arraun Lagunak trainerua, 14:42,03 denbora egin eta bigarrenari bederatzi segundo aterata. Donostia Kaiarriba izan da bigarren, eta Orio hirugarren, 11 segundora (14:53,19). Zumaiarrek zortzigarren amaitu dute lehia, 15:12,00ko denbora eginda.

PDFa. Ikusi hemen sailkapenak