Haritzak, arteak eta intxaurrondo zuhaixkak landatu dituzte gaur Zumaian egindako Zuhaitz Egunean

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 17a, 20:38

Zuhaitzak landatzeko aukera izan dute gaur goizean Zumaian, Marianton parkean, eta Oikian, eskola ondo belardian. Zumaian egindako Zuhaitz egunean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emandako intxaurrondoa ere landatu dute.

Ohikoa ez den data batean egin dute aurten Zuhaitz eguna Zumaian. Asteburuetan egin izan da ekimen hau herrian, baina aurtengoa gaur goizean egin dute. Zumaiako Herri Eskolako, Zumaiena Ikastetxeko eta Oikiako Eskolako ikasle zein irakasleak aritu dira zuhaitz landaketan, lorezaintza zerbitzuko kideez eta udal ordezkariez lagunduta. 

Haritzak, arteak eta intxaurrondo zuhaixkak sartu dituzte Oikiako eskolaren pareko belardian eta Marianton parkean. Landare hauen ezaugarriak ezagutzeaz gain, horiek zaintzeko egin beharrekoak ere jakin dute ekimenean parte hartu duten haurrek.

Joandako lagun eta senideak gogoratzeko intxaurrondoa
Zuhaitz Egunaren aitzakian, Marianton parkean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek inauterietako ekitaldian Zumaiako herriari oparitutako intxaurrondoa ere landatu dute gaurkoko ekitaldian

Intxaurrondoa eta zuhaixkaren eremua “joandako lagun eta senideak, eta horiekin pasatako une goxoak gogoratzeko” tokia izango da. Zumaiako haurrek aukeratu zuten joan den astean zuhaixka non kokatuko zen.

Argazkiak: Zumaiako Udala eta Oikiako Eskola.