San Joseko etxepeetan igogailuak jartzeko proposamena aurkeztu dute

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 18a, 09:00
San Joseko bederatzi etxeperi eragingo zien proposamenak. Leku zailean eraikitako blokeak dira. Jabekideek askatasunez erabaki ahal izango dute igogailua jarri edo ez.

Irisgarritasun arazoak dituen kalea edo auzunea da San Jose. Kale luzea da hau: Foruen plazan abiatzen da, Zumaiako alde zaharrean, azoka alboan, eta Arritokietako igoeran amaitzen da. Azken zati honetan altxatu ziren eraikinetako bizilagunek, 25etik 33ra bitarteko atarietan bizi direnek, jasaten dituzte irisgarritasun arazo gehien.

1960ko hamarkadan eraikitako etxebizitza blokeek osatzen dute San Joseko zati hau. Mendiaren magalean, leku maldatsu batean egindako etxebizitza blokeak dira, igogailurik gabekoak. Bere garaian bertara bizitzera joan ziren lagunak etxeekin batera zahartzen joan dira. Gaur egun, adineko ugari bizi da San Josen, eta lekuaren ezaugarriak zaildu besterik ez du egiten beraien eguneroko joan-etorriak.

San Jose eta Gurrutxaga plazako igogailu publikoa orain urte eta erdi jarri zen martxan, eta horrek eragin handia izan du auzotarren mugimenduetan. Derrepente, kaletik herrigunera joateko auzotarrek ez dute aldapa edo eskailera pikeak erabili beharrik izan. Azpiegitura honek kaleari egindako onuraz jakitun, San Joseko eraikin horietan igogailu pribatuak jartzeko proposamena landu du udalak azken urtebetean.

"Kaleko irisgarritasuna hobetu da,  baina atarira arte. Lauzpabost pisuko eraikinak dira, eta atarietatik etxeetara eskailerak daude. Udal bezala pentsatu genuen etxe horiek irisgarri egiteko ekarpen bat egin behar genuela. 28 zenbakian igogailua jartzeko asmoa zutela jakin genuenean, proiektu horren arkitektuari eskatu genion azterketa bera egiteko, baina bederatzi etxepeentzako", azaldu du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak.

Udalak proiektu horren berri eman zien auzotarrei astearte arratsaldean, udaletxeko pleno aretoan egindako bileran. Aurrez aipatutako atarietako bizilagunak bertaratu ziren. Lekua zaila dela gogoratu zien alkateak, "maldatsua eta estua". Horrez gain, eraikin barruko eskailera batzuk "aldrebes" daudela ere aipatu zuen. "Lanketaren ondoren ikusi dugu udalak aktuazio batzuk ere egin beharko dituela, kostu ekonomiko handikoak. Bilera honekin erakutsi nahi izan diegu auzotarrei zer lanketa egin den, eta gure prestutasuna ere adierazi diegu eremu batzuetan igogailuak eta pasabideak jartzeko. Egindako planoak erakutsi genizkien, eta gustura hartu zituzten. Gero, etxepe bakoitzak erabakiko du, askatasun guztiarekin, igogailua jarri edo ez", azaldu du alkateak.