Kirola, aisia eta ingurumena ardatz dituen egitasmoa eskainiko diete haurrei Algorri Zentroan

Maria Maya Manterola 2021ko mar. 16a, 16:29

Apirilaren 6tik 9ra bitartean hainbat ekintza egingo dituzte aire zabalean eta talde txikietan. 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendu diete egonaldia.

Algorri Interpretazio Zentroa kudeatzen duen Arazi elkarteak 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzako egonaldia antolatu du Pazko Asterako. Aisialdia, kirola eta ingurumena ardatz, aire zabalean eta talde txikietan ospatzeko egitarau anitza osatu dute. Apirilaren 6tik 9ra izango da, goizero, 9:00etatik 13:00etara.

Multikirola, orientazio jolasa, irteera Marea-arteko plataformara, ibilaldiak, argazki lehiaketa eta hondartzan jolasak egingo dituzte, besteak beste. Edukiera mugatua da, eta antolatzaileek jakinarazi dute izen-ematearen hurrenkeraren araberakoa izango dela. Egonaldiaren inguruko xehetasunak ikusi edota izena emateko, jo hona.