Gizontasunen eta maskulinitateen inguruan hausnartzeko batuko dira datorren astelehenean

Maria Maya Manterola 2021ko mar. 16a, 15:14
Hogarreko bigarren solairuan izango da bilera.

Udalak antolatutako gizonentzako desjabetze tailerrean gaia landu ondoren, jarraipena emateko interesa agertu zuten zenbait partaidek. Astelehenean bilduko dira ideiak eta proposamenak jasotzeko eta jarraipena nola eman nahi dioten zehazteko.

Gizontasunak eta maskulinitateak hausnartu eta horien inguruan gogoeta egiteko espazio bat sortzeko asmotan, bilera baterako deialdia zabaldu du herritar talde batek. Egon daitezkeen ideiak edota proposamenak mahai gainean jarri eta adostasunak bilatzea izango da bilera horren helburua. 

Datorren astelehenean bilduko dira, martxoaren 22an, 18:30ean Hogarreko bigarren solairuan. Edukiera mugatua izango da –guztira, hogei pertsona sartu ahal izango dira–, eta beraz, bileran parte hartzeko interesa dutenei aurrez gizontasunakzumaia@ni.eus helbidera mezua idazteko eskatu diete antolatzaileek. Bilerara joan ezin dutenek baina ideiak eta proposamenak dituztenek helbide horretara idatz dezakete.

Joan den urtean udalak antolatutako gizonentzako desjabetze tailerrean herri mailan gaiari jarraipena emateko interesa agertu zuten ikastaroko zenbait partaidek, eta deialdia herrira zabaldu nahi izan dute, jarraipena nola eman nahi dioten zehazteko.