Zabaldu dute helduen kirol ikastaroetarako izen-ematea

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 15a, 19:00

Aurreko asteotan haurren kirol ikastaroekin egin zuten bezala, gaur helduen kirol jardueretarako izen-ematea zabaldu dute Lubaki kiroldegian. Martxoaren 30era bitartean eman ahal izango dira izenak. 

Helduen kirol ikastaroak apirilaren 12tik ekainaren 25era bitartean emango dira Lubaki kiroldegian. Ikastaro eskaintza horren barruan jada ohikoak diren Zumba, cycling, pilates, gap, total training eta TRX jarduerak daude. 

Ikastaro hauetan parte hartu nahi dutenek martxoaren 30a baino lehen eman beharko dute izena kiroldegiko harreran. Ikastaro horiek guztietan prebentzio eta higiene neurriak bete beharko dituzte ikasle zein irakasleek. 

Aurrerantzeean ere kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeko aurrez hitzordua hartu beharko da. Horretarako, bazkideek eta kiroldegia erabiltzeko bonuak dituztenek gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin hartu dezakete zita, 943-86 20 21 telefono zenbakira deituta (6:30etik 21:00era). Bazkideak ez direnek egunean bertan deitu ahal izango dute.