80 landare sartu dituzte Elorriagan egindako zuhaitz landaketan

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 15a, 11:46

Zuhaitz landaketa egin zen atzo Elorriagan, Galarreta gainean. Ekimena Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Eusko Kostaldeko Geoparkeak antolatu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. 

Eguraldia lagun izan ez bazuten ere, hogei bat lagun bildu ziren Biotopoan bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak duen mendi publikoko 1,5 hektareako lursaila basoberritzeko. "2014. urtetik geroztik partzela hura betetzen joan gara eta iaz lan hauek bukatzeko asmoa bagenuen ere, tamalez, osasun egoera zela eta, itxialdia erabaki zen eta egin beharrekoak bertan behera utzi behar izan genituen", azaldu dute Geoparkeko kideek.

Igande goizean egindako landaketan 80 bat zuhaitz landatu zituzten. "Zuhaitzak zuzen hazteko tutoreak jarri ditugu eta aurreko urteetako hainbat zutoin bere onera ekarri ditugu. Baso berrian, arteak, haritzak, gurbitzak, gorostiak eta elorri zuriak landatu ditugu".

Antolakuntzatik eskerrak eman nahi diezkiete bertaratutako guztiei, "euria eta haizeari muzin eginez, auzolanean lana egiteko agertu duten prestasunagatik".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide