Arraun giroan zalaparta sortu du atzo Legution gertatutakoak

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 15a, 10:57
Infantil mailako batelak estropada hasi zain atzo Legution. Estropada bertan behera geratu zen. Argazkia: Telmo Deun arraun elkartea

Arraun munduan zalaparta sortu du atzo Legution gertatutakoak. Gipuzkoako batel ligako hirugarren jardunaldia zen igandean jokatzekoa, baina lehia bertan behera utzi behar izan zuten anbulantzia falta zelako. Gertakari honen aurrean bere haserrea erakutsi du Telmo Deun arraun elkarteak.

Hasiera batean Getarian jokatu behar zen Gipuzkoako batel ligako hirugarren jardunaldia, igandean –aurreko bi jardunaldiak ere ez dira jokatu–, baina iragarpenek itsaso zakarra izango zela ziotenez, kirol jarduera Legutioko urtegira eramatea erabaki zuen Gipuzkoako Arraun Federazioak. Arabako urtegira gerturatu ziren lurraldeko arraun elkarteak denboraldiari hasiera emateko. Baina, usteak uztel. Kirol jardueretan izan ohi den anbulantzia falta zen lehorrean, eta arrazoi horrengatik estropada bertan behera uztea erabaki zuen Gipuzkoako Arraun Federazioak. 

Epaileen araudiaren arabera, ezin da estropada ofizialik jokatu estropada eremuan anbulantziarik ez badago, beste hainbat kirol jardueratan gertatzen den bezala. "Ezin da txapelketarik egin lurrean anbulantziarik ez badago. Ez da arrauneko araudiak dioelako, kiroletako araudioak dioelako, baizik", azaldu zuen atzo Gipuzkoako Arraun Federazioko presidente Elias Arruebarrenak Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan egindako elkarrizketan. 

Beste kirol jardueretan egin bezala, Ertzaintzari baimena eskatu behar zion Federazioak, baita anbulantzia bat bertaratzeko eskatu ere. "Ertzaintza etorri da, baina anbulantzia ez. Deitu diegunean esan digute eskaera traspapelatu egin zaiela, eta ordurako denborarik ez zegoen beste anbulantzia bat lortzeko", gaineratu zuen presidenteak. Arruebarrenaren hitzetan, estropada jokatu ahal izateko klub batzuek ardura osoa beraien esku hartuko zutela esan zioten, baina berak, presidente bezala, ezin zuela hori onartu.

Estropada bertan behera uzteko erabakia ontzi batzuk dagoeneko uretan zeudela hartu zuten. Eta horrek haserrea sortu zuen klub batzuetan. "Infantilak 45 minutuan egon dira uretan, euripean eta sei graduko tenperaturarekin", zioen atzo Telmo Deun arraun elkarteko kide batek. Bere ustean, anbulantziarik ez bazegoen ez zieten utzi behar ontziak uretaratzen. 

Telmo Deun arraun elkartearen oharra

Horren aurrean Telmo Deun klubak oharra plazaratu zuen sare sozialen bitartez. Legution gertatutakoak hitzik ez duela azpimarratu zuen, eta "kirola egiteko beharra eta gogoa duten haur pila baten ilusioarekin" jokatu izana salatu zuen klubak.

"Anbulantzia ez zegoenez nolatan utzi gaituzte uretaratzen, han zeuden gazteenei gainera, askorentzat lehenengo estropada [zenean]. Federazio batek gauza denak lotuta izan behar ditu aurretik, batez ere estropada jokatzeko behar diren minimoak". Haurrei jada ordubete uretan egon ondoren, Federazioaren aldetik barkamen txikiena ere ez eskatzea faltan jo zutela ere azaldu zuen arraun elkarteak ohar honen bidez.

"Arraunean 50 urte daramatzan jendeak esan duen bezala, hau sekula ez da gertatu. Eta hala ere barkamenik ez da eskatu. Haurrak nazkatzen ari dira, eta arraunaren etorkizuna jokoan dago. Benetan badu zer ikasia sartu berria den zuzendaritzak", amaitu zuen esaten Telmo Deun arraun elkarteak.