Kluben artean bigarren izan da Itxas-Gain, Zumaian jokatutako Gipuzkoako piraguismo txapelketan

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 15a, 09:04

Larunbatean, hilaren 13an, Zumaian, Piraguismoko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen. COVID-19agatik hartu beharreko neurriengatik txapelketa antolatzeko lanak izan zituen Itxas-Gain elkarteak. Zoriontzeko klubeko partaideek egindako lana.

Senior mailan, mutiletan, Martin Egaña bigarren izan zen esprintean helmugara iritsiz. Unai Azkune, aldiz, bosgarren geratu zen. Emakumezkoen kasuan, Irati Osa helmugara bakarrik iritsi zen lehenengo postuan, baina epaileek deskalifikatu egin zuten goiko ziaboga alderantziz eman zuelako. Maite Etxabe, berriz, bigarren sartu zen helmugan, baina Iratiren deskalifilazioaren ondoren aurrena geratu zen.

23 urtez azpikoen mailan, Josefa Molina aurrena geratu zen eta Sara Rezola hirugarren.

Junior mailako mutil piraguistek, aldiz, ez zuten karrera lehiatzeko aukera izan; epaileek irteera bertan behera utzi zuten piraguista guztiak irteerako lerroaren aurrean zeundelako. Nesketan, ordea, Ane Zallak eta Eider Azpitartek euren indarrak erakusteko aukera izan zuten. Bosgarren eta seigarren izan ziren, hurrenez hurren.

Kadete mailan Kaiet de Anta ere deskalifilatua izan zen irteeran, eta Unai Segurolak bosgarren amaitu zuen.

Bestalde, aipatzekoa da klubeko beteranoek egindako lanak. Parte hartze handia egon zen, eta denek ere gustura geratzeko arrazoiak eman zituzten. Oier Aizpuruak eta Xabier Osak urrezko domina bana irabazi zuten euren kategoriatan. Jon Lazkano ere hirugarren izan zen.

Klubeko sailkapenari dagokionez, Itxas-Gain bigarren izan zen Irungo Santiagotarrak klubaren atzetik.

Zumaiako kirol elkarteak zorionak eman nahi dizkie parte-hartzaile guztiei.

Hurrengo astean klubeko piraguista batzuk Espainiako Neguko Txapelketan izango dira: Martin Egaña, Unai Azkune, Irati Osa eta Xabier Osa; azken hau entrenatzaile lanetan. Iñigo Peñak ezin izango da joan olinpiadetarako  prestaketarekin buru belarri dagoelako.

Larunbateko estropadan ateratako irudi batzuk ikus daitezke argazki erreportaje honetan.