Eva Franco: "Ni analogikotik nator, eta gustatzen zait kamerak pisua edukitzea, eskuetan sentitzea"

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 14a, 10:15
Eva Franco Goikoetxea kamera eskuetan duela.

Ez da erraza Eva Franco Goikoetxea (Zumaia, 1971) argazkilariaren bizitza bi esalditan laburbiltzea. Zerbait azpimarratzekotan, ordea, aipa daiteke Ingalaterrari zor dizkiola ofizioa eta afizioa, eta buruan egiten dituen istorio surrealistak direla argazkietan islatzen dituenak, beste batek liburu batean edo film batean nola.

Gogoan duzu noiz hartu zenuen aurreneko aldiz argazki kamera bat eskuetan?
Ingalaterratik bueltan izango zen, 1993an. Hemen egin nuen denboraldi bat oinarrizko ikasketak edukitzeko, gero hara itzuli nintzen arte hezkuntza ikasteko, argazkilaritzako espezializazioarekin.

Borborka egongo zen garai hartan ere Londresko arte mundua...
Bost urte egin nituen, eta zoragarria izan zen; eromena zen hura, han zeudelako diseinu grafikokoak, bideogintzakoak... Aurrena Londresen egon nintzen, gero Ingalaterra ezagutzera atera nintzen hiritik, Londres ez delako Ingalaterra, eta berriz han nengoela, zerbait egin nahi nuen, lanerako bizitza osoa neukalako gero ere. Egigurenek egiten zuen lana asko gustatzen zitzaidan, eta horregatik hasi nintzen argazkiarekin; berez ez zen aukera sinpleena, baina...

Afizioa, eta ofizioa, biak eman zizkizun Ingalaterrak, ingeleseko akademia duzulako. 
Berez, eduki nuen estudio bat San Telmo kalean, baina artearekin tripa betetzea zaila da, eta egin nuena izan zen zerbait aurkitu sabela betetzeko, eta arima, berriz, argazkiekin betetzen dut.

Begiratu eta harro sentiarazten zaituen argazki edo lanik baduzu?
Ez. Datorrena da onena.

Beti kamera bera behar izaten duzu argazkiak egiteko, ala berdin dizu tresnak?
Teknikoki ez zait interesatzen argazkia. Gaur egun, gainera, sakelako batekin lor ditzakezu nahi dituzun megak. Ni analogikotik nator, eta adibidez, gustatzen zait kamerak pisua edukitzea, eskuetan sentitzea, ez plastiko zati bat. Hasselblad bat daukat; zaharra da eta ez ditu mega asko, baina eskuetan ondo sentitzen naiz pisu horrekin, agujetak edukitzen ditut hurrengo egunean.

Zarauzko Ramon Serras sariketan hirugarren saria eskuratu, eta Argizaiola sarirako argazkiak aukeratzen zabiltza orain.
Bai, ni neure proiektuekin ibiltzen naiz, inoiz ez naiz joaten argazki bat ateratzera: nire argazkiak beti daude pentsatuta, planifikatuta, muntatuta... Lan asko dute aurretik. Gustatzen zait ideia bat sumatzea buruan eta hortik hastea tiratzen. Sentimenduak, ideiak... adierazteko modu bat da niretzat argazkia; batzuetan baita gauza batzuk erreibindikatzeko modua ere. Orain, konfinamenduarekin, denbora eduki dut egindako lanak begiratzeko, eta Zarautzen erretratuen sariketa zegoela ikusi nuenean, aurkeztera animatu nintzen. 

Erretratua da zure lanean funtsezko estiloa, gainera.
Hori da gehien gustatzen zaidana, eta erretratuarekin batera, moda. Ez gaur egungoa, baizik moda munduan sortzen diren piezak. Horiek toki eta garai batzuetara eramaten zaituzte; mentalki, inspiratu egiten zaituzte istorioa kontatzeko. Eta erretratuen lehiaketa ikusi nuenean Zarautzen, aurkeztu egin nintzen. Hirugarren postua lortu nuen, eta horrek aukera eman zidan Argizaiolara aurkezteko; argazkiak aukeratzen ari naiz orain. Azpimarratu nahi dut Frida alaba agertzen dela saritutako argazki horretan; 12 urte ditu, eta sekulako pazientzia dauka nirekin. Nire argazkietan emakumeak dira protagonista nagusiak, eta ez da erraza izaten modeloak aurkitzea, are gehiago pandemia garai hauetan. Gainera, konfiantza ere eduki behar dute zugan, helburua ez delako beraiek guapa agertzea, istorioa kontatzea baizik.

Istorio asko dituzu kontatzeko, ala badaukazu obsesioren bat?
Ez, istorio mordoa dut kontatzeko, oso desberdinak: ipuinak, esaera zaharrak, Oteizaren Pietatea... gauza askok inspiratzen naute.
Telmo Iruretarekin ere banabil, zerbait bereziaren bila; modelo perfektua iruditzen zait. Proiektu asko izaten ditut beti; burua beti martxan daukat.

Distira elkartekoek Oxforden egindako azken erakusketa kolektiboan, zuk Maskarada izeneko proiektuko obra bat erakutsi zenuen. Zer da proiektu hori?
Proiektu irekia da, ez dauka datarik, baina beti inspirazioa da Euskal Herria, bere tradizioak, artisautza, esaerak... Oraintxe egin dut lan bat, Maskaradan sartzen dena, Hegoak ebaki banizkio abestia oinarri hartuta. Nik, ordea, “Hegoak ebaki dizkiot” esaldia hartu dut argazkiak egiterakoan.

Emozio fuertea eragin dizun azken argazkia?
Azkena ikusi dudan erakusketa Eugenio Recuencoren 365 izan da, Madrilen; ez nuen galdu nahi. Niretzat ikaragarrizko maisua da, eta erakusketa hori izan zen oda bat nik argazkia ikusteko dudan moduari. Oso piktorikoa, oso artistikoa... Gabonetan, berriz, Tim Walkerren liburuak oparitu zizkidaten, eta horiei bueltaka eta bueltaka nabil orain. Dena den, ideiak batez ere pinturatik eta artearen mundutik hartzen ditut, ez hainbeste argazkietatik.

Baduzu webgunerik edo portfoliorik zure lanak ikusi nahi dituenarentzat?
Ez dut eduki orain arte, baina ari naiz webgune bat prestatzen, eta epe motzean jarriko dut martxan. Esaten den bezala, armairutik atera berri naiz [kar-kar]. Baina orain nahi dut, denbora ere badut, umeak hazi direlako. Nire momentua da hau.