Mugiment kirol txartela egitasmoan parte hartuko du Lubaki kiroldegiak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mar. 13a, 17:15
Mugiment Kirol Txartela egitasmoaren aurkezpena Lubaki kiroldegian.

Mugiment kirol txartel birtualari esker, kiroldegiko bazkideek programan parte hartzen duten gainontzeko herrietako kirol zerbitzuak ere erabili ahal izango dituzte.

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat udalek Mugiment Kirol Txartela ekimena abiatu dute, kirola sustatzeko eta eskaintza zabaltzeko. Lubaki kiroldegiak bat egin dute egitasmoarekin, Getariako eta Zestoako kiroldegiekin batera, eta astelehenetik aurrera, Mugiment kirol txartel birtualari esker, kiroldegietako bazkideek programan parte hartzen duten gainontzeko herrietako kirol zerbitzuak ere erabili ahal izango dituzte.

Lubaki kiroldegian aurkeztu dute ekimena hiru herrietako ordezkariek, eta uste dute Mugiment Kirol Txartela programan parte hartzeak onuragarria izango dela eskualdeko herritarrentzat nahiz bertan lan egiten dutenentzat. Aurkezpenean parte hartu dute Zumaiako kiroldegiko arduradun Antxon Alberdik eta  Zumaiako Udaleko kirol zinegotzi Arritxu Iribarrek, Getariako kiroldegiko arduradun Jose Inazio Atorrasagastik, Getariako Udaleko kirol zinegotzi Ekaitz Estebanek eta Zestoako kirol zinegotzi Aitor Salegik .

Sakelako telefonoaren bidez
Txartela birtuala denez, bazkideek aplikazioa instalatu behar dute beren sakelako telefonoan. Hortik, erabili nahi duten udalerriko kirol zerbitzuen ordutegia kontsultatu eta txanda aukera dezakete. Ekimenaren aurkezpenean zehaztu dutenez, jende pilaketak "ekidin" nahi dituzte kiroldegietan; "horregatik, garrantzitsua dela ordutegiak ondo begiratzea eta errespetatzea".

Hona hemen kirol txartela erabiltzeko urratsak:
1.- Sakelako telefonoan Mugiment Kirol Txartela app-a deskargatu.
2.- Erregistratu datu pertsonalak sartuta: e-posta, NAN zenbakia eta norbera bazkide den kiroldegiaren izena.
3.- Balioztapena jaso ondoren erabili daiteke kirol txartela.
4.- Kirol instalaziora sartzean, txartel birtuala eta NANa erakutsi beharko dituzte.
5.- Kiroldegiko langileak sarrera erregistratuko du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez.