Aste honetan, aurrekoan bezainbeste kasu positibo baieztatu dituzte Zumaian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 12a, 14:28

Zumaian bi emaitza positibo izan dira azken orduetan. Azken zazpi egunetan bost kasu positibo detektatu dituzte herrian, aurreko zazpi egunetan bezala. Intzidentzia tasa, dena den, ehun puntutik gorakoa da gaur-gaurkoz: 101,76koa.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak kaleratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Zumaian bi emaitza positibo izan dira, eta horiek gehituta, bost izan dira azken zazpi egunetan herrian atzeman dituzten kasu berriak. Aurreko astean, otsailaren 26tik martxoaren 4ra, positiboen kopuru berdina izan zen herrian. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 101,76koa da une honetan, eta antzekoa zen aurreko ostiralean; hain zuzen, 91,58koa.

Urola Kostan hamasei emaitza positibo izan dira azken orduetan, duela astebete baino hamar gehiago. Dena den, batez ere Zarautzek markatu du alde hori: atzoko probetan bederatzi kasu positibo detektatu dituzte han, herenegun bezainbeste. Azken zazpi egunetan gora egin du herri horretan atzemandako kasuen kopuruak, baita 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak ere: 98,51koa zen aurreko ostiralean, eta 171,33koa da gaur.

Azkoitian eta Azpeitian ere izan ziren emaitza positiboak atzokoan. Hain zuzen, hiru kasu baieztatu zituzten Azkoitian, eta bi Azpeitian. Zumaiak eta Zarautzek bezala, eremu horian jarraitzen dute bi herri horiek ere: intzidentzia tasa 83,45ekoa da Azkoitian eta 210,25ekoa Azpeitian. Eskualdeko udalerrien artean, Azpeitiak dauka kasu metatuen tasarik altuena.

Orio da Urola Kostan horiz margotuta dagoen bosgarren herria, baina ez dute kasu berririk detektatu azken orduetan. Dena den, 130,46koa da hango intzidentzia tasa. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ere ez dute kasurik atzeman atzoko probetan.

COVID-19a atzemateko 9.198 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Aurreko astean baino 54 emaitza positibo gehiago izan ziren atzokoan, alegia, 447. Bizkaian 196 kasu zenbatu zituzten, Gipuzkoan 138, Nafarroan 67, Araban 44 eta, beste lurralde batzuetan, bi. Atzoko probetan, beraz, positibotasun tasa %5,2koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, aldiz, %3,5ekoa.

Osakidetzako erietxeetan 230 lagun daude COVID-19ak jota, eta horietatik 41 atzo ospitaleratu zituzten. 95 dira Zainketa Intentsiboen Unitatean daudenak.