"'Patria' errelato bat da, baina beste asko behar dira"

Baleike 2021ko mar. 10a, 10:55

HBOko Patria telesailean egindako lanagatik, Forque, MIM Series —Ane Gabarainekin batera— eta Feroz sariak jaso ditu Elena Iruretak. Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan, aktoreak esan du Patria ikuspuntu bat dela, "baina ez da dena".

Antzerkigintzan, zineman eta telebistan Euskal Herriko aktorerik laudatuenetakoa da Elena Irureta (Zumaia, Gipuzkoa, 1955). Los hijos antzezlanaren bira amaitzen ari da egunotan.

Hilabete batean hiru sari jaso dituzu. Noizbait egokitu al zaizu halakorik?

Ez, egia esan, ez. Askotan esaten dut ofizio honetan ematen dituztela bakarrik sariak. Beste ofizio batzuetan, ez dute halakorik egiten. Badakigu zer diren sariak, eta ez ditugu hain modu pertsonalean hartu behar. Telesaila ikusi nuenean, iruditu zitzaidan aktoreok ondo geundela eta ekoizpena ondo egina zegoela, teknikoki landua. Baina baditugu urte batzuk, eta badakigu nondik nora doazen sari hauek.

Eta zuk beti oinak lurrean mantendu dituzu, ezta?

Bai, noski. Gogoan dut behin Euskal Herriko film bakarra zegoela jaialdi batean, eta sari asko, harentzat. Hor zaude, eta saria ematen dizute. Eskertzen dira sariak, baina badakit noraino doazen.

Forque sarietan Ane Gabarain igo zenuen oholtzara, baina Feroz sarietan, joan den astean, ez zizuten hori egiten utzi.

Guztiz debekatua genuen. Esan ziguten pertsona bakarrak igo behar zuela oholtzara... Bale, bale...

Gabarainen lana ere oso goraipatua izan da, ezta?

Bai, Anek ikaragarri ondo egin du. Eta bere pertsonaia oso-oso zaila da [ETAko kide baten amarena egiten du Gabarainek]. Pertsonaiak oso gogorrak dira, eta batak bestearekin joan behar izaten du. Antzerki eskolan elkarrekin aritu ginen duela 40 urte; geroztik, lan ugari egin ditugu elkarrekin.

Suedian, adibidez, arrakasta handia izan du Patria-k. Telesailari esker zure lana toki askotan ezagutuko dute orain.

Bai, ezagutu bai. Baina guk berdin jarraitzen dugu. Ane hiru antzezlanetan dabil; eta ni, bakar batean. Kanaria uharteetan izango ditut laster azken bi emanaldiak.

Irakurri elkarrizketa osorik.