Aldarri morez bete da Zumaia

Mireia Galarza Bastida 2021ko mar. 8a, 20:44

Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, manifestazioa egin dute herriko kaleetan zehar. Dozenaka herritar elkartu dira bertan, eta 'Bizitzak erdigunera. Dena aldatu, sistema arrakalatu' lelopean, emakumeen eskubideak aldarrikatu dituzte. 

Martxoaren 8aren harira, hainbat ekitaldi egin dute gaur Zumaian. Goizean zehar, Genero problematikaren inguruan hausnartzen hitzaldia egin dute Herri Eskolako frontoian, eta Anabasa ikasle taldeak eta talde feministak prestatutako hitzaldia ere izan da Beheko Plazan. Eguna amaitzeko, Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, manifestazioa egin dute herriko kaleetan zehar, eta aldarri morez bete da Zumaia. 

Ibilbidea Beheko plazan amaitu dute herritarrek, eta beste behin, "inoiz baino gehiago, sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa adieraztea" izan dute helburutzat. Egungo egoeran "kapitala bizitzari gailendu" zaiola nabarmendu dute, eta besteak beste, "krisialdiak eragin zuzena" izan duela "eremu feminizatuetan". Indarkeria matxistak, dena den, ez duela "etenik izan" salatu dute.

Hori horrela, "feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitzeko beharra" nabarmendu dute, "bizitzak sostegatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko".