Eskola kirola birpentsatzeko hausnarketa hasi dute eskualdeko udalerri batzuetan

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 5a, 11:09

Eskola kirolaren inguruko hausnarketa sakon bat egitea planteatu dute eskualdeko udalek eta eragileek. Horretarako, martxoaren 12rako bete beharko den galdetegi bat prestatu dute.

Eskola kirola egitasmoa birpentsatzeko asmoa erakutsi dute eskualdeko zenbait udalek eta eragilek. Eskola kirolaren norabidea adosteko asmoa erakutsi dute Zumaiako, Zestoako, Arroa Beheko, Aizarnako eta Aizarnazabalgo ikastetxeetako zuzendariek, guraso elkarteetako kideek, udal ordezkariek, eta eskola kiroleko koordinatzaile zein entrenatzaileek. 

Hausnarketa hau abiatu duten eragileen esanetan, futbolak, eskubaloiak eta saskibaloiak izan dute orain arte protagonismoa eskola kirolean. Pandemiagatik beste kirol jarduera batzuk ere praktikatu badituzte ere, planteamendua birpentsatzeko beharra ikusi dute aipatutako herrietan, “hausnarketa sakon” bat eginda, “bestelako gaiei ere heltzeko”. Lehiakortasunaz hitz egitea edota entrenatzaile eta hezitzaileen formakuntza aldaketak planteatzen dituzte. Talde txiki sortu dute, “lanketa diseinatu eta adostasunak bilatzeko”.

Galdetegi baten bidez jasoko du Eskola Kirolen Kontseiluak eskola kirolean parte hartzen duten kolektiboen iritzia. Horretarako, diagnostikoa egiteko, udalerri bakoitzean banatuko diren galdetegiak prestatu dituzte. Online galdetegiak dira, eta eskolen zein elkarteen bidez zabalduko dira.

 Galdetegi bat haurrei zuzendutakoa izango da; beste bat gurasoei zuzendutakoa; hirugarren galdetegia kirol elkarteetako kideek, eskola kiroleko koordinatzaileek eta entrenatzaileek beteko dute; azken galdetegia, guraso elkarte zein zuzendari taldeek bete beharko dute. 

Martxoaren 5etik 12ra bitartean bete beharko dira galdetegiak. Erantzunak jasota, talde eragileak emaitzak interpretatu eta ondorioak aterako ditu, hausnarketaren hurrengo pausoak zehazteko.