Euskara eta feminismoa: bien arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea, aztergai

Maria Maya Manterola 2021ko mar. 4a, 13:36
Argazkia: Maria Maya Manterola.

'Euskara, bestela ez gara' zikloaren barruan antolatutako hirugarren hizketaldia izan zen atzo Alondegiko Oxford aretoan. Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek, oro har hizkuntzaren eta generoaren, eta zehazki euskararen eta feminismoaren arteko zubiak izan zituzten hizketagai.

Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek hitzaldia eman zuten atzo Alondegiko Oxford aretoan, Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan. Udaberri giroa eginagatik, bete egin zen aretoa, eta bertaratutakoek hizkuntzaren eta generoaren, eta, zehazki, euskararen eta feminismoaren harremana aztertu zuten Eskisabelen eta Agirreren eskutik. 

Agirreren arabera, soziolinguistikaren eta antropologia feministaren esparruan duela bost hamarkadatik ikertzen ari dira harreman hori, munduko hizkuntza guztietan. Euskal Herrian ere aspaldi hasi ziren ikertzen, baina, Agirreren hitzetan, badu partikularitate bat: “Euskara hizkuntza minoritarioa da, bi hezkuntza hegemonikoen azpian dagoena”. Euskal Herriko ezaugarri berezitu horrek ikerketa lerro orokor horri ekarpena egiten diola gaineratu zuen, eta aberastasuna ere aipatu zuen. 

Hizketaldian zehar hainbat aipu ekarri zituen. Robin Lakaroff, esaterako, hizkuntzaren eta generoaren arteko harremana aztertzen lehen soziolinguista izan zen. Hark zioen hitzaren bidez egiten dela norbera, gizartea, kultura. Beraz, mundua arautzeko modua da hizkuntza. Horren erakusle dira, esaterako, nesken eta mutilen izenak. Agirreren arabera, munduko hizkuntza gehienetan egiten da bereizketa hori, eta arau horrek zerbait esaten du gizarteaz. “Genero horiengan irudikapen bat egiten dugu. Hizkuntzak gu geu egiten gaitu, eta geuk egiten dugu”, gaineratu zuen. 

Horren erakusle dira, esaterako, nesken eta mutilen izenak. Agirreren arabera, munduko hizkuntza gehienetan egiten da bereizketa hori, eta arau horrek zerbait esaten du gizarteaz.

Deborah Cameron soziolinguistak dio hizkuntza bat definitzerako orduan gizartea ere definitzen dela, eta ondorioz, hiztunari aplikatzen zaizkiola ezaugarriok. Cameronen aipuaren haritik, Agirrek aipatu zuen ez dugula irudikapen bera egiten ingeleraz edo wolof hizkuntzaz. “Nahiz eta hizkuntza guztiak berdinak direla esan, euskarari baina-k jartzen dizkiogu. Beraz, herrenak gara euskal hiztunak”. Ildo beretik, Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiak zioen “oinarrizkoa eta primitiboa” zela euskara, eta beraz, euskaldunak ere bai. Agirrek aipamena egin zion duela aste batzuk Espainiako egunkari batek emandako titularrari. “Euskarak COVID-19aren neurriak ezartzea eragotzi du”. Legeak itzuli behar direla eta, euskarak neurriak behar bezala ezartzea oztopatzen duela iradokitzen zuen albisteak. 

Hizkuntzak eragin determinatzailea du azpitalde soziolinguistikotan, Agirreren arabera. Penelope Eckert ikertzailearekin bat egiten du baieztapen horretan. “Nire amak, esaterako, 5.000 aldiz esango zuen bere bizitzan jostorratza hitza. Nire aitak, berriz, lau aldiz”, azaldu zuen. Gaitegi lexiko ezberdina dute; beraz, ondoriozta daiteke segregazioa dagoen leku guztietan hizkuntza ezberdinetan hazten direla sektore horiek. Gainera, Agirrek uste du azken aldian indartu egin dela joera hori: “Kontsumo gizarteak gora egin duen heinean, areagotu egin da sexu-genero banaketa”. 

Maisu-maistrak

Agirreren arabera, bertsolaritzara gaitegi, tonu, estetika eta gorpuzkera berriak eraman dituzte emakumeek. Euskarara eraman daiteke hori: “Leku batzuetan bakarrik hitz egin daiteke, eta hizkuntzak determinatzen du ze tonutan, ze gorpuzkerarekin eta ze autoritaterekin hitz egingo duen pertsona horrek”. Hausnarketara bultzatzeko galdera bat luzatu zien Agirrek bertaratutakoei: “Zer esan nahi du maisu hitzak, eta zer maistra-k?”. Haren hitzetan, hitz horien aldea da gizon eta emakumeen artean dagoen aldearen isla. Erabiltzen dugun aldiro, gainera, arrakala handitzen da, Agirreren ustez. 

Hizkuntza praktiken baldintzagarri nagusienetakoa da sexu-genero sistema, Eskisabelek aipatu zuenez. Gabriel Rufiánek Marc Giróri egindako elkarrizketak ondo adierazten du, Eskisabelen arabera, baieztapen hori. Maria Irásen koadroa ere aproposa da, hizlarien ustez, haunsarketarako. Agirrek gaineratu nahi izan zuen gauza bat dela lekua hartzea, eta bestea lekua uztea. 


Eskisabel eta Agirre, Maria Irásen koadroari begira.

Naturalizazioa, suntsipen handiko arma

Emakume izateak edota euskalduna izateak bazterrean egoteko puntuak ematen ditu, Eskisabelen hitzetan. Botere sarean menpean egotea dakar horrek. Naturalizazioa da boterearen mekanismo sutila: naturalizazioaren bitartez, menpekoak sinesten du dagokion tokian dagoela. Euskararekin gauza bera gertatzen da, Eskisabelen ustez: “Zenbat aldiz galdetu digute ea mediku ona ala euskalduna nahiago dugun, bateraezinak balira bezala?”. 

Kontrara, despatriarkalizatu eta deseraiki daitekeela azaldu zuen Agirrek. Gaineratu zuen “euskararen feminizazioa” gertatzen ari dela, hau da, gero eta nabarmenago, euskara emakumeen kontua dela. Bi datu eman zituzten: alde batetik, oro har, erabilerari erreparatuta, emakumeek gehiago egiten dute euskaraz ia adin tarte guztietan; eta, bestetik, engaiamenduari dagokionez, Euskaraldiaren lehen edizioan parte hartzaileen % 62,2a zen emakumea. 

“Euskara txikia, ahula baina ederra eta zaindu beharrekoa dela entzun ohi dugu”, aipatu zuen Eskisabelek. Zaintzaren ideologiarekin du lotura horrek, hizlarien arabera. Zaintza dutenak interpelatzen ditu, beraz. “Zaintza erdigunean jarrita, euskara ere erdigunera eramango genuke?” luzatu zuen galdera Agirrek. 

Emakumeari egotzi zaio, Agirreren ustez, transmisioaren rol nagusia. Are gehiago, 50. hamarkadako ikerketen arabera, emakumeek eten zuten euskararen transmisioaren katea. Eskisabelek aipatu zuen kontuan hartzekoa dela emakumeen belaunaldi horrek egiten duela jauzi kalera. Hizkuntza eta genero praktikak elkarrekin despatriarkalizatzeko aukera eta beharra nabarmendu zituen hizlariak. 

Hizkuntza eta genero praktikak elkarrekin despatriarkalizatzeko aukera eta beharra nabarmendu zituen hizlariak. 

Feminismotik irakaspenak

Amaitzeko, euskalgintzak feminismotik jaso ditzakeen irakaspenak izan zituzten mintzagai. Feminismoak identitate arazoa demokrazia arazo bat bihurtu du, Eskisabelen arabera: “Guztiek egiten dute bere borroka hori. Euskararekin diskurtso hori bera sendotzea garrantzitsua da, ez baita euskararen arazoa”. Bestetik, interpelazioaz aritu zen hizlaria. “Etxeetaraino sartu da feminismoaren seinalamendua; sukaldeetaraino, komunetaraino. Euskaraldiak badu horretatik”, gaineratu zuen. 

Ahalduntzea eta boteretzea aipatu nahi izan zituen Agirrek. Menderakuntza identifikatu ondoren, ahalduntze kolektiboaren beharra garrantzizkotzat jo zuen. Haren hitzetan, hori proposatzen du Euskaraldiak. 

Boteretzea, berriz, ez da boterea hartzea soilik, Agirreren ustez. Beste botere sistema bat eraikitzea ere badela azaldu zuen. “Euskalgintzak zer bilatzen du? Beste gizarte baten eraikuntza. Kapitalismoan hizkuntza minorizatuek ez baitute lekurik izango”, amaitu zuten hitzaldia.