Zumaiak parte hartuko du pilota egokituko Gipuzkoako txapelketan

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 4a, 09:05

Hastear da euskal pilota egokituko Gipuzkoako txapelketa. Larunbatean jokatuko dira lehen partidak, eta Zumaiako talde bat izango da parte hartzaileen artean. 

Bi lehiekin hasiko da txapelketa larunbatean, hilaren 6an: adimen urritasuneko teniseko paleta txapelketa batetik, eta gomazko paleta txapelketa gurpildun aulkian, bestetik. Usurbilen eta Errenterian jokatuko dira lehen norgehiagokak. 

Pagazpe, Mindara, Ostadar eta Zumaia klubeko pilotariak ariko dira txapelketa honetan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "kirolariek gogoz ekingo diote txapelketari, izan ere, hilabete asko pasa dituzte lehian aritzeko aukerarik gabe".

Larunbatean hasi eta ekaina bukaerara arte iraungo du lehiak. Jardunaldiak Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dituzte: Errenteria, Usurbil, Asteasu, Zumaia, Ataun, Mutriku, Alkiza, Lasarte-Oria eta Idiazabal, hain zuzen ere. Osasun egoerak oztopatzen ez badu, txapelketa hauetako finalak Zumaian jokatuko dira, ekainaren 26an.