COVID-19 garaiko lehen txapelketa jokatu du Itxas-Gainek, Legution

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 1a, 08:53

COVID-19 garaiko lehen txapelketa jokatu dute Itxas-Gaineko piraguistek pasa berri den asteburuan. Legutioko urtegian izan dute hitzordua, Araban, erlojupeko Euskadiko txapelketa, hain zuzen. 

Itxas-Gain klubeko piraguistak lehiatu gabe zeuden aspaldidanik, pandemiak eragindako osasun neurriek hala behartuta. Igande honetan, baina, ontziak berriro uretan jarri eta beste klubetako piraguistekin indarrak neurtzeko aukera izan dute.

Erlojupeko Euskadiko txapelketa jokatu zen igande goizean, 2.000 metroan, Araban, Legutioko urtegian. Bertan izan dira Zumaiako klubeko kideak, azken bi urte hauetan egindako lana erakusteko gogotsu.

Xabier Osak eta Martin Egañak egindako denborak azpimarratzekoak dira. Osak beteranoen mailan irabazi zuen, baina egindako denbora maila absolutuko bigarren onena izan zen. Egañak, aldiz, bigarren egin zuen senio mailan, maila handia erakutsiz; denboraldi honetarako prest dagoela erakutsi zuen.

Beteranoen mailan, Jon Lazkanok eta Maite Etxabe lan ona egin zuten, duten maila ona erakutsiz. Jubeniletan, berriz, Josefa Molinak hobekuntza handia erakutsi du, baita maila honetako Itxas-Gaineko beste kideek ere.

Denboraldiko bigarren hitzordua izango dute Itxas-Gaineko kideek datorren asteburuan: Euskadiko neguko txapelketa jokatuko dute Irunen.