Haur eta gazteen kirol ikastaroetan izena eman daiteke martxoaren 3ra bitarte

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 28a, 10:30

Ikastaroak martxoaren 8an hasi eta ekainaren 18an amaituko dira. Igeriketa, zumba eta multifitness ikastaroetan eman ahal izango dute izena haur eta gazteek.

Osasun egoera dela eta, haurren jarduera guztiak bertan behera gelditu ziren azaroan. Haurren kirol ikastaroak egitea baimendu dute gero, Zumaia eremu gorritik atera denean, eta azaroan hasitako ikastaroetan galdutako saioak berreskuratzen aritu dira ordutik ikastaroetako parte hartzaileak. 

Neguko saioak berreskuratu ondoren, haurren ikastaroetako izen-ematea zabaldu du Kirol Patronatuak. Ikastaro hauek martxoaren 8an hasiko dira, eta ekainaren 18an amaitu. Zehazki, ondorengo ikastaroak eskainiko dituzte:

  • Haurren igeriketa: astean egun bat (bazkideek 41,15 euro ordaindu beharko dituzte; bazkide ez direnek 106,45 euro)

  • Zumba (6-8 urte bitarteko haurrentzat eta 9-12 urteko gazteentzat): astelehen eta asteazkenetan 17:30etik 18:30era (kuota 73,65 eurokoa izango da bazkideentzat; bazkide ez direnentzat, berriz, 186,60 eurokoa).

  • Multifitness (13-16 urte bitarteko gazteentzat): astearte eta ostegunetan 16:00etatik 16:45era (kuota 73,65 eurokoa izango da bazkideentzat; bazkide ez direnek, 186,60 euro ordaindu beharko dituzte).

Osasun neurriak behar bezala betetzeko, jarraitu beharreko irizpideen berri eman dute kiroldegiko arduradunek. Aldageletan jarlekua izendatuta egongo da, eta haurrarekin laguntzaile bakarra sartu ahal izango da kiroldegira. Hala eta guztiz, behin izena eman ondoren, osasun neurrien gaineko xehetasunak helaraziko dizkiete parte hartzaileei.

Bestalde, helduen ikastaroen hirugarren aldia apirilaren 12an hasi eta ekainaren 18an amaituko da. Cycling-a, GAP, TRX, pilates edota zumba izango dituzte aukeran. Ikastaroetan parte hartzen dutenek martxoaren 8tik aurrera egin ahal izango dute izen-ematea; ikasle berrientzat, martxoaren 15ean irekiko da.