Aran Santamaria: “Egitea gustatzen zait, esplikatzea baino gehiago”

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 27a, 09:30
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Pasioz bizi du egiten duen hori Aran Santamaria Garate artistak (Zumaia, 1968). Zeramika lantzen hasi zen aspaldi, eta beste hamaika materialekin esperimentatu ostean, paperean topatu du esparru kutuna; dena den, ez die muzin egiten bestelako material eta elementuei ere. Oxford aretoan ikusgai egon dira bere hainbat lan otsailean, eta bihar, igandea, izango da lan horiek ikusteko azken eguna. Erakusketa aitzakiatzat hartuta, Santamaria gertuagotik ezagutzeko aukera baliatu du Baleikek. Otsaileko Baleike aldizkariko elkarrizketa ekarri dugu webgunera.

Azalduko duzu a grosso modo zein izan den zure ibilbidea arte munduan?
Zeramika lantzen hasi nintzen Debako eskolan. Han urtebete egin nuen, eta handik joan nintzen Aiako tailer batera. Hura eskola antzeko zerbait zen, eta elkarri erakusteko sistema batekin ibiltzen ginen garai hartan. Grabatua, zeramika eta eskultura zeuden han. Sei urtez edo egon nintzen han, eta gero nik eta beste hiru lagunek pabilioi bat hartu genuen Zumaian, Zelai Azpin. Han instalazioa lantzen hasi nintzen, eta gauza gehiago probatzen: zeramika utzita, instalazio kontuak, muntaiak eta abar. Hor beste bost urte igaro nituen, eta gero bakarkako estudioa hartu nuen. 

2012an edo hasi nintzen liburuekin lan egiten. Egiten ditut liburuak desegin, eta berriro egin. Collage moduan eta zabalgarri moduan, horiekin jardun dut asko. Horretan hasi nintzenean erakusketak egin nituen liburu dendetan, horretarako lekutxoa zutenetan. Gaur arte, liburuekin jarraitzen dut. Ez dut liburu kontzeptua soilik lantzen; horrekin lotuta, agian, zintzilik jartzen ditut edo sartzen ditut lanean nolabait, esaterako, zapatak, edo bestelako objektuak. Paperetik joan naiz objektuetara. 


Zer adjektibo erabiliko zenuke zure lana definitzeko?
Ez nago ziur. Badago alde jostari bat, eta beste bat poetikoagoa. Gauza sutilak ditu, finak, baina badu baita ere jolasaren aldea. Bi alde horiek ditu. Ez dakit beste era batera definitzen. 


Artista batzuei ez zaie gustatzen etiketak jartzea beren lanari. Zu horietakoa zara?
Nire kasuan, ez dakidalako da. Ez da erraza. Niri, behintzat, orokorrean, gustatzen zaidana da egitea. Aztertzea ere bai, pixka bat, baina… ez dut egiten teoria bat, “hau egin dut honengatik eta abar”. Naturaltasuna gustatzen zait, eta egitea, esplikatzea baino gehiago. Gero, hasten banaiz, agian txapa sar dezaket [kar-kar]. Baina nirea gehiago da egitea. 

Gaur egun, konturatu naiz behar bat dela. Orain, egoera honetan, etxean igaro behar baditut hamar egun, hartzen ditut guraizeak, kola eta papera eta hori izaten da salbazioa. Eskerrak!

Orain, egoera honetan, etxean igaro behar baditut hamar egun, hartzen ditut guraizeak, kola eta papera eta hori izaten da salbazioa. Eskerrak!

 


Horiek dira zure tresnak: guraizeak, kola eta papera. 
Bai, eta liburuak eramaten badizkidazu, suntsitzeko, zoragarri. 

Nolatan hasi zinen liburuekin?
Ez dakit esaten nola izan zen. Aiara joaten ginenean tailer hartara, bazegoen lekutxo bat zituena Bruno Munari izeneko artistaren zenbait lan. Han ikusi nituen hark egiten zituen paperezko liburu oso politak, eta han egoten nintzen haiei begira, ez dakit zenbat denbora. Begiak hara joaten zitzaizkidan. Gero bazegoen beste artista japoniar bat ere, Katsumi Komagata. Horiekin nengoen maiteminduta. 

Nirera etorrita, gauzak kontatzeko formatuan, hasi nintzen liburu bat hartu eta gainean, adibidez, txoriak jartzen. Gero zabalgarri pixka batekin hasi nintzen, eta hori izan zen nire galbidea.


 
Beste mundu baterako atea ireki zitzaizun. 
Bai. Askotan kasualitateekin gertatzen dira halakoak, edo gustatzen zaizun jendearengan inspiratzen zarenean. 
Badaukat beste alde bat ere: haurrekin egiten dut lan. Lantzen ditut ipuinak, liburu ilustratuak… Gustatzen zait sorpresaren kontu hori, kaxoi batean gordetzen diren gauza txikiak, txikitan amonaren etxera joan eta figuratxoak egotea, kromoak… Haurrekin lotuta, mundu horrekin ere badauka lotura honek.

Zertan bilatzen duzu inspirazioa? 
Denean, gutxi gorabehera. Kontua da zerk sortzen dizun txinparta, eta, gero, zugana ekarrita, nola adieraziko zenukeen txinparta hori. Ez da bakarrik neure mundua adierazteko zerbait, beste artistek ere sortzen didate txinparta hori. Gauza asko ditut beste artisten gainean egindakoak. 

Orain Donostiako Okendo aretoan daukat jarrita erakusketa eta, esaterako, Cortazarri [Julio Cortazar idazle argentinarra] buruzko pieza handi bat sortu zait han. Horretan Cortazar bera da abiapuntua, eta gero agertzen da nik zer sentitzen dudan Cortazarrekin. Beste obra batean Joseba Sarrionandiaren Ez gara gure baitakoak liburuko poema txiki batzuk braillez idatzi ditut, eta horren gainean collage bat egin dut. Hor ere liburu horretatik abiatu naiz. Lehen egiten nuen liburua bera zabaldu eta landu, baina orain gauza gehiago ekartzen dizkit, eta batek bestera eramaten nau.

Orduan, liburua ez duzu objektu soil bezala lantzen, edukia ere kontuan hartzen duzu. 
Bai, kasu batzuetan bai. Okendokoa, esaterako, erakusketa potentea izan da. Otsailaren amaierara arte luzatuko da. Enkargu bat izan da Literakum ekitaldirako, jakin zutelako liburuekin ari nintzela gauzak egiten. Dena den, bestelako materiala ere askotan erabiltzen dut. Erakusketa horretan, adibidez, erroskilaren masarekin egindako letrekin jartzen du erretilu elegante batean e un mondo difficile. Norako den kontuan hartuta egokitzen dut neure obra. Liburuekin zerikusia du, baina material asko sartzen dut.

Azken erakusketa hau salto handia eta ona izan da, eta oso-oso pozik nago. 

Oxford aretoan ere erakutsiko dituzu zure lanak [urtarrilaren amaieran egin zen elkarrizketa]. 
Bai, Okendokoaren jarraian, Oxfordekoa. Ondo datorkit, entrenatuta nago dena emanda ibili naizelako Okendokoa prestatzeko. Momentu batzuetan nahikoa harrapatuta ibili naiz, baina ondo. Oxforderako ari naiz lantzen itxialdiko gauzak, baita Bixente Ameztoi artistaren inguruko zerbait ere.

Egin izan duzu eskultura publikoa ere. Ez dira askotan ikusten horrelakoak inguruotan. 
Ez dira horrelakoak ikusten, ez. Bi urtez egin genuen kostako errepidean, Getaria eta Zarautz arteko oinezko ibilbidean. Itsasoaren ingurukoa zen, aulki bat jarri genuen ispiluekin, oso sinplea zen baina jolas handia ematen zuen, islatzen zuelako itsasoa, eta mundu bat egiten zen hor barruan. Nik ere sorpresa hartu nuen hori egin genuenean. Altzariekin eta aulkiekin ere egin izan ditut horrelako lanak, esaterako, Zarauzko Narros jauregiko parkean.

Leku batzuk ez dizute ezer eskaintzen trukean. Erakusketa jartzen uzten dizute eta dena zuk jarri behar duzu. Beste leku batzuk, aldiz, egokiago tratatzen zaituzte. Oso irregularra da.


Lantzen duzun arte plastiko mota ez da ohikoena edo sona gehien izan ohi duena. Nola dago egoera?
Ez dakit. Alde batetik, erakusketak egiteko asko mugitu behar duzu, fitxa sartu behar duzu lekuetan eta ni horretan nahiko txarra naiz. Leku batzuk ez dizute ezer eskaintzen trukean. Erakusketa jartzen uzten dizute eta dena zuk jarri behar duzu. Beste leku batzuk, aldiz, egokiago tratatzen zaituzte. Oso irregularra da. Lekuaren arabera, agian leku batean egoera oso onean egingo duzu eta beste batean oso txarretan. Desoreka handia dago. Baina, tira, hori beste arloetan ere gertatzen da, ezta? 

Desoreka handia ikusten dut, eta leku batzuek ez dizute ezer ordaintzen. Aldarrikatzeko puntu batekin diot hau. Leku batzuetan oso ondo zaintzen zaituzte, baina egoera nola ikusten dudan zaila da esaten. Artisten talderik-eta ez dut ikusten momentu honetan. Talde txikiak agian badaude, beraien artean egiten dutenak lan, baina ez da gremio bat asko elkartu ohi dena. Agian pasatzen ari naiz hau diodanean, baina ego asko duen mundua da. Hori bai, gaur gaurkoz, ni oso gustura ari naiz eta oso eskertuta nago. 

Zirrikituetara egokitu behar al du zure diziplinak? 
Egia da, zirrikitu hitza erabili izan dut nik ere. Ni non nago? Pentsatu izan dut. Artisautza, artea, ilustrazioa, liburuak… horien artean nago. Nire lan bat jar dezaket arte erakusketa batean, eta beste bat artisau azoka batean. Ez dakit non nagoen. Lehen pentsatzen nuen definitu behar nuela apur bat hobeto, baina orain ez dut hala uste. Batzuetan abantaila da; hor erdian zaudenean, batzuetan, gauza gehiago erortzen dira.