Hondarribiko traineru estropadan parte hartuko du Zumaiak

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 26a, 18:30

Telmo Deun Arraun Elkarteko ontzi bana izango da emakumezkoen eta gizonezkoen mailatan lehiatzen. Ontzi bakoitza zer egoeratan dagoen ikusteko estropada izango da biharkoa. 

Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsiera jokatuko da larunbat arratsaldean. Traineru denboraldirako test edo proba bezala hartuko dute parte hartuko duten klubek, ontzi bakoitza zer egoeratan dagoen ikusteko. 
 
Emakumezkoen eta gizonezkoen mailatan jokatuko da estropada, eta Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteak maila bakoitzean ontzi bana aurkeztuko du. Eskualdeko beste klubek ere parte hartuko dute jaitsiera honetan: Getariak, Oriok eta Zarautzek, hain zuzen ere. 
 
16:00etan hasiko da testa, emakumezkoen ontzien jaitsierarekin. Hamabi ontzi arituko dira. Eskualdekoei dagokienez, Zarautz 16:01ean aterako da, Zumaia 16:05ean eta Orioko trainerua 16:10ean. Emakumezkoek amaitu bezain pronto aterako dira gizonezkoak. Hemeretzi ontzi uretaratuko dira kategoria horretan. Eskualdeko ontzietan, Zumaia izango da lehena ateratzen, 16:18an; Getaria 16:22an aterako da, Zarautz 16:24an eta Orio 16:28an.