Zuntz optiko sarea aktibatzeko prest dagoela azaldu du udalak

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 24a, 15:19

Zumaiako zuntz optiko sarea aktibatzeko prest dagoela adierazi du Zumaiako Udalak. Ondo bidean, martxoan izango da zerbitzua abian Paolaldean, Larretxon eta Ardantzabiden, eta urtea amaitu baino lehen herri osora zabaltzea aurreikusten da. 

Guifi.net eta Zumaiako Udalak abian jarritako egitasmoa da hau. Proiektu honek zuntz optikoa herriko etxeetara eramatea du helburu, horretarako beharrezkoak diren konexioak eginez. 

Paolaldean hasi zituzten zuntz optikoa ezartzeko lehen lanak, iaz, eta ondoren herriko beste kale eta auzuneetara zabaltzea da asmoa. Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, Paolaldeko, Larretxoko eta Ardantzabideko etxe eta lokaletan martxoan aktibatuko dute zerbitzua. Herriko beste txokoetara urtea amaitu baino lehen helduko dela espero du udalak. 

Zuntz optiko sare honen kudeaketa "herritarren, udalaren eta enpresen ekarpenetan eta elkarlanean" oinarritzen dela gaineratu du udalak. "Zumaia osora iritsiko da, modu jasangarrian eta ingurumenarekiko era arduratsuan, eta desoreka digitala ezabatzeko balioko du. Gainera, tokiko hainbat operadore egoteak aukera ematen dio erabiltzaileari merkatuko eskaintza desberdinen artean bidezko prezioetan egokien deritzon operadorea aukeratzeko, bezeroaren gastuak murriztuz eta tokiko ekonomia indartuz".

Sare honek eskaintzen dituen abantailez baliatzeko, erabiltzaileek lau operadoreren artean kontratatu ahal izango dute zerbitzua: Abaila, Mara-Ekin, Bikotek eta Evel. Proiektuaren inguruko informazioa hemen kontsultatu daiteke.