Grebara deitu dituzte haur eskoletako eta adineko egoitzetako langileak

Hiru eguneko lanuzteak deitu dituzte Haurreskolak Partzuergoaren zentroetan, astelehenetik asteazkenera. Adineko egoitzetako langileak, berriz, ostegunerako deitu dituzte grebara.

Hezkuntzan eta zaintzan grebarako deialdi bana egin dute hainbat sindikatuk datorren asterako. ELAk, LABek eta Steilasek Haurreskola Partzuergoko haur eskoletan hiru eguneko greba deitu dute; otsailaren 22an, 23an eta 24an izango dira greba egunak sare publikoko haur eskoletan, astelehenetik asteazkenera, beraz. Adinekoen Gipuzkoako egoitzetan ere deitu dute greba eguna ELAk eta LABek hilaren 25erako, osteguna.

Haur eskoletako deialdia aipatutako hiru sindikatuek urtarrilean hasitako mobilizazioen bigarren zatia izango da; joan den hilaren 25ean eta 27an egin zituzten aurreneko bi grebak. Haurreskolak Partzuergoaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko arduradunen "negoziatzeko borondate eza" salatu dute deitzaileek, eta "langileen baldintzak okertu ez ezik, partzuergoa bera arriskuan jartzen duten aldebakarreko erabaki politikoak" kritikatu dituzte. Haur eskola txikien biziraupena "zalantzan" dagoela ere ohartarazi dute sindikatuek, "Haurreskolak Partzuergoa landa eremuaren garapenerako testuinguruan sortu zenean".

Sei eskari nagusi aldarrikatzeko deitu dituzte datorren asteko greba egunak: "Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen norbera babesteko ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa ere gehitzea; eta aurrekontua handitzea".

247. greba eguna

Adinekoen egoitzetako lan gatazkak, berriz, 247. greba eguna beteko du datorren ostegunean, otsailaren 25ean. ELAk eta LABek egin dituzte lanuzterako deiak egun horretarako. Lan hitzarmena berritzeko eta lan baldintzak hobetzeko eskaera nagusien barruan, "langile gehiago kontratatzea, prekarietatea desagerraraztea eta langileentzat erreparazio emozionala" eskatzen dituzte.

Gizarte-politikak COVID-19aren aroan: Gipuzkoako lurralde historikoaren esperientzia txostena osatu dute bi adituk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, eta txosten horretan jasotakoak betetzea eskatu dio ELAk aldundiari. Azterlan horren ondorioetan daude, ELAren esanetan, sindikatuaren eskaera nagusiak: "Beharrezkoa da ratioak handitzea. Langilerik eza, egiturazko arazo bat, pandemian sakondu egin da. Beharrezkoa da langileen erreparazio emozionala egitea; eta eredu soziosanitarioaren eredu aldaketa, pertsonak erdigunean jarriko dituen ereduan aurrera egiteko".

Datorren ostegunekoarekin batera, datorren hilerako beste greba egun bat iragarri dute; martxoaren 30erako, hain zuzen ere.