“Norvegian ez dut sentitu hemengo egonezina eta amorrua”

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 19a, 08:20

Arotz izateko ikasketak egin zituen Mikel Etxabe Agirrek (Zumaia, 1982), baina, gauzak nola diren, CAF enpresak Norvegian duen abiadura handiko treneko proiektuan lan egiten amaitu du. Lanaren inguruan eta Eskandinaviako herri honetan COVID-19a nola bizi izan duten kontatu dio Baleikeri.

Nola bukatzen du zumaiar batek Norvegian lan egiten?

Nik ere ez nuen espero! Lanbide heziketa egin nuen arozgintzan, eta Ostolazan hasi nintzen lanean. Zikloa bukatu nuen, aldatu nahi nuen, eta Xeyra joan nintzen lanera. 2011. urteko krisialdia etorri zen, aldi baterako lanaldian nengoen, eta jefearekin hitz egin nuen jakiteko zer aurreikuspen zeuden; hark esan zidan txarrak zirela. Azpeitira joan nintzen, han urteak egin nituen, berriro Xeytik deitu ninduten arte. Enpresaz aldatu nuen... eta sekulako kolpea jaso nuen. Ez diot inori opa han pasatutakoa; sei hilabete kobratu gabe, diru pila galdu nuen. Enpresa itxi zutenean zortea izan nuen CAFen hartu nindutelako. Arotz bat CAFen, egurra usaindu ere egiten ez duten leku batean. Ez nuen bela esperoko.

Zer lanetan zabiltza orain?

CAFen hasi nintzenetik Norvegiako proiektuan nago, Oslo erdigunea aireportuarekin lotuko duen abiadura handiko trenean. Tren mota honekin CAFek duen lehen proiektua da, eta enpresarentzako oso garrantzitsua da, merkatua zabaldu ahal izateko. Oso gustura nago han. Nire harridurarako, arotzak oso baloratuta daude CAFen.

Zein da lan horretan zure ardura?

Trenen mundu honetan segurtasuna oso zorrotz mantentzen dute; homologazio batzuk jarraitu behar dira, eta hori ziurtatzen duten inspektoreak daude, bai enkargua egin duen enpresak jarritakoak bai CAF berak jarritakoak ere. Inspektore hauek akatsak aurkitzen dituzte, eta ni, linean egoteaz aparte, akats horiek konpontze lanetan nago, baita produktuaren hobekuntzan ere. Aparte, norvegiarrak oso zorrotzak dira, oso, eta eskatu duten produktua ere oso ona. Niretzako lehen tren denak berdinak ziren. Probak egiteko nabe bat dugu han. Behin trena lineatik ateratzen denean hara eramaten dugu, eta sistema guztiak probatzen ditugu: elektrikoa, pneumatikoa, mekanikoa, informatikoa. Ezin da sinestu zenbat kilometro dagoen kableetan! Proba horietan ibiltzen naiz ni.

Zenbat denbora zoaz Norvegian lanean?

Epe desberdinetan egon izan naiz. Bost aste batean, lau bestean... Ez nago han finkatuta. CAFek Norvegian badu egoitza, eta badaude han lanean dauden langile batzuk. Gu gehiago gara lan zehatz batzuk egitera joaten garenak. Mundu guztiko langileak daude han. Han nabilenetik faltan sumatzen dudan gauza bakarra eskolan ingelesa ikasi izana da. Hor ikusten da hemen zer maila eskasa dugun.

Gero, Norvegia oso garestia da, baina soldatak ere altuak dira. Zergak ere handiak dituzte, baina, behintzat, ikusi egiten duzu zergen bidez jasotako dirua nora doan; ikusten duzu zer zerbitzu dituzten, eskolak, garraioak; ikusten duzu gauza asko han doan direla. Jatorrak dira norvegiarrak, baina zorrotzak.

COVID-19aren izurritea nola bizi izan dute Norvegian?

Krisialdia hasi zenean han nengoen; han harrapatu ninduen. Iazko otsailean joan nintzen hara lanera, eta hau guztia itxita zegoenean itzuli nintzen. Handik presaka atera ginen. Egun horretan bueltatzeko hegaldia genuen nire lankide batek eta biok. Gosaltzen ari ginela, hoteleko zuzendaria etorri zitzaigun esanaz ezingo genuela joan, Espainiak mugak itxi zituela, eta hoteletik ateratzeko norvegiar beraiek PCR proba eskatzen zigutela; ospitaletako langileak hotelez hotel zebiltzala, poliziez lagunduta, proba hauek egiten. Zuzendariari esan nion hegaldia nuela, joan egingo nintzela, eta egin beharreko probak aireportuan egingo nituela, ez hotelean. Emazteak zaharren egoitza batean egiten du lan, Zumaian, eta egunero nuen deika ea nola ari ginen pasatzen, Euskal Herrian egoera gogorra zelako. Beste txandako lankideei dei egin nien, baita CAFera ere, eta enpresak Espainiako kontsulatuarekin hitz egin ondoren, denok bueltatu ginen.

Enpresarentzako halako garrantzia duen proiektua ez zen geratuko. Ordutik itzuli al zara Norvegiara?

Geldialdi bat egon zen, baina berriro martxan da. Ordutik beste hirutan joan naiz, eta lehenengoan, ekaina eta uztaila artean izango zen, bitxia izan zen. Nahiko apartatuta eduki gintuzten berrogeialdiko hamabost egunak pasa genituen arte. Akordio bati esker, berrogeialdian lan egiteko aukera izan genuen, baina ezin genuen leku publikoetara joan, ezin genuen garraio publikoak erabili; justu-justu hotelera joan gintezkeen. Azken aldiz joan garenean apartamentu bat hartu dugu, hotelak zerbitzurik ez zuelako ematen. Lehen bertan gosaltzen eta afaltzen genuen; azkenekoan ez zuten zerbitzu hori eskaintzen. Lo egin zenezakeen bertan, besterik ez. Logelak, komunak, zuk zeuk garbitu behar zenituen, eta harremanak minimoak ziren. Lauzpabost aste hala pasa genituen, eta horren ondoren apartamentu bat alokatzea erabaki genuen.

Nolako egoera dute gaur egun?

Konfinamenduaren ondoren lehen aldiz joan ginenean han ez zuen inork maskararik erabiltzen; denak begira genituen, bai aireportuan bai hotelean. Baina orain neurri horiek ere hartu dituzte han ere. Leku publikoetan sartzerakoan maskara derrigorrezkoa da; kalean oraindik ez, baina gero eta jende gehiagok erabiltzen du. Positiboen datuak ez dira oso handiak, baina hazkunde bat izan da azken aldian, eta aldaera ingelesaren oso beldur dira. Berriro ere oso zorrotz jarri dira Norvegian.

Eskandinaviako herriek zorrotzak izatearen fama badute...

Han, Norvegian, hemen baino askoz zorrotzagoak izan dira. Iazko martxoan dena itxi zuten, eta joan ezin izan zuten jendearentzako bakarrik zabaldu zituzten hotelak. Merkataritza guneetan jendea zuten edukiera eta garbitasuna zaintzen, eta oraindik ere iaz itxitako gune batzuk ez dituzte zabaldu. Norvegian ez dago inongo debaterik; politikariek, adibidez, bat egin dute egoera honen aurrean. Zentzu horretan, Espainian gertatzen ari denak lotsa ematen du. Han ez dut sentitu hemen dugun egonezina; ez dago hemengo amorrurik. Oso urrun gaude. Udan zabaldu behar dela, Gabonetan, orain Aste Santuan... Ez gara kontziente jendea hiltzen ari dela. Debate horrek erre egiten nau, baita etxean dudan egoeragatik. Emaztea behin baino gehiagotan joan da lanera negarrez, han zer aurkituko zuen ez zekielako.

Norvegiara itzultzeko asmorik ba al duzu?

Orain bertan hegazkina hartzea oso zaila dago. Horrek suposatzen duen gastu guztia ere hor dago. PCR proba bakoitzeko 120 euro ordaindu behar dira, eta azkenekoan, astebetean, bost proba pasa nituen. Hegaldia hartzeko negatiboa eman behar duzu, eta orain baldintzak aldatu dituzte: egunean bertan egin behar duzu proba, eta ez dago ezer negoziatzeko aukerarik; lanera zoazen lekuan derrigorrez egin behar duzu berrogeialdia. Hamabost egun egon geldirik, eta horren ondoren hasiko zara lanean, beti ere gauzak ondo badoaz.