"Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bideak" aldarrikatu dituzte Torturaren Aurkako Egunean

Baleike 2021ko ots. 13a, 13:56
(Zumaiako Sortu)

100 lagun inguru elkartu dira Sorturen arabera Saregileen plazako elkarretaratzean. Besteak beste, duela 40 urte torturatu eta hil zuten Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra izan dute gogoan.

Torturaren Aurkako Eguna da gaur, eta Zumaiako Sortuk "aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bideak" aldarrikatu ditu Saregileen plazan. Sorturen arabera, 100 lagun inguru bildu dira elkarretaratzean, Zumaian 30 torturatu zioen pankartaren atzean. Joxe Arregi Izagirre izan dute gogoan protestan, duela 40 urte torturatu eta hil zuten zizurkildarra.

Deialdian azpimarratutako aldarriak plazaratu dituzte gaur ere. Zumaiako Sorturen arabera, Euskal Herrian "milaka" izan dira "torturaren atzapar krudeletik igaro behar izan dutenak". Gaineratu dute "sortutako mina" oraindik ez dela sendatu, eta hori horrela izanda, "beharrezkotzat " jotzen dute "torturaren egia" argitara ematea, "herri honek bake eta askatasun agertoki berri baten alde borrokatzeko".

Asteartean, dokumental emanaldia

Torturaren gaiaren harira, Barruko arrastuak dokumentala botako dute otsailaren 16an, asteartean, 18:30ean, Alondegiko Oxford aretoan. Oñatiko Euskal Memoria elkarteko Aritz Arnaizek sortu zuen ikus-entzunezkoa 2013an, frankismo garaitik gaur egunera arte torturak jasan dituzten oñatiarren testigantzak argitara emateko. Hainbat garaitan eta indar polizial desberdinen eskutik bizitako indarkeriak biltzen ditu lanak, eta lehen pertsonan, torturak sortutako eraginez mintzo dira protagonistak.

Dokumentalaz gain, solasaldia ere izango da. Joan nahi dutenek zumaia@sortu helbidera idatzi edo Inpernupe tabernako zerrendan izena eman beharko dute.