Eremu laranjan jarraitzen du Zumaiak, beste bi kasu positibo baieztatu ondoren

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 12a, 13:08

Atzo beste bi kasu positibo zenbatu zituzten, Osasun Sailak argitaratu berri duen txostenaren arabera. Zertxobait igo da intzidentzia tasa; 360,34 da gaur.

Osasun Sailak argitaratu du herriz herriko koronabirus kasuen berri ematen duen txostena. Zumaian egindako PCR eta antigeno probetan bi kasu positibo zenbatu zituzten atzo, eta bat herenegun. Gaur gaurkoz, 360,34 da intzidentzia tasa. Zertxobait igo da; herenegungo datuarekin alderatuta, 15 puntu. 

Urola Kostan, berriz, pixkanaka bada ere, behera egiten ari da intzidentzia tasa. Herenegun baino bost positibo gutxiago baieztatu ziren atzo eskualdean, 15. Duela astebete ez ziren askoz gehiago izan, 20, baina 100.000 biztanleko metatutako kasuen tasari erreparatuz gero, jaitsiera nabarmenak egon dira: Aian 1.057tik 302ra; Azpeitian 1.116tik 630era; Orion 1.272tik 619ra; eta Zestoan 950etik 564ra.

Azken egunean ere hobera egin dute datuek: Azpeitian lau kutsatu ziren herenegun, eta bi atzo; Orion bitik batera pasa dira; Zarautzen bederatzitik zazpira, eta Zestoan lautik hirura. 

Azpimarratzekoa da atzo ere ez zela positibo berririk atzeman hainbat herritan: Aian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Azkoitian, hain zuzen.

Hego Euskal Herrian %5etik beherako positibotasuna

Atzo 15.915 PCR eta antigeno proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta 740 positibo zenbatu ziren guztira (herenegun 781). 13.575 test diagnostiko egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, 643 positibo baieztatu zituzten PCR eta antigeno probetan. 93 positibo berri Araban atzeman ziren, 400 Bizkaian, 139 Gipuzkoan eta 11 hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan. Positibotasun tasa %4,7koa da.

Nafarroan 2.340 proba egin ziren, eta positibotasuna %4,1ekoa da, 97 positibo berri zenbatuta.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 63 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 173 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan ingresatuta.

Herriak                     Atzo         Herenegun      Duela astebete

Aia                              0 (302,27)       0 (554,61)          2 (1.057,93)

Aizarnazabal            0 (0,00)            0 (0,00)               0 (0,00)

Azkoitia                     0 (208,63)       0 (267,04)         1  (367,19)

Azpeitia                     2 (630,75)        4 (716,16)        5 (1.116,95)

Beizama                    0 (0,00)             0 (0,00)              0 (0,00)

Errezil                        0 (0,0)               0 (0,00)               0 (483)

Getaria                       0 (70,67)           0 (106,01)         0 (141,34)

Orio                            1 (619,70)          2 (782,78)         5 (1.272)

Zarautz                      7 (364,07)           9 (372,64)        5 (316,96)

Zestoa                       3 (564,97)            4 (564,97)        1 (950,18)

Zumaia                      2 (360,34)               1 (345,99)        1 (447,75)