Ez dute koronabirus kasu positiborik atzeman azken orduetan

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 9a, 13:16

Azken hiru egunetan ez dute baieztatu kasurik herrian egindako PCR eta antigeno probetan. Behera egin du, beraz, intzidentzia tasak: 366,34koa da gaur egun. 

Eremu laranjan jarraitzeko pauso handia eman zuen atzo Zumaiak: ez zuten kasurik baieztatu herrian, eta tasa 366,34ra jaitsi da. Herenegungo tasarekin alderatuta 41 puntu txikiagoa du gaur egun Zumaiak. Ostiralaz geroztik –bi kasu detektatu zituzten egun horretan–, ez da kasurik izan Zumaian. 

Eskualdeko herrietan ere denboralea baretzen ari dela dirudi. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, bederatzi kasu detektatu zituzten atzo Urola Kostan, eskualdeko bost herritan banatuta; beste zazpi herrietan ez zen positiborik izan.  

Bederatzi kasu horietatik ia erdia, lau, Azpeitian detektatu zituzten. Egun batetik bestera 65 puntuan jaitsi da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa, herenegun izandako 873,85etik atzoko 808,15era. Eremu gorria uztetik hurbilago dago Urola erdiko herria.

Gorrian jarraitzen duen beste herria Orio da. Atzo positibo bakarra atzeman zuten herrian, baina kasu metatuen tasak oso goian jarraitzen du: 1.255,71ko tasa zuen atzo kostaldeko herriak. Alde positibotik begiratuta, bezperakoa baino 33 puntu baxuagoa da tasa gaur-gaurkoz. 

Beste positiboak Zestoan –bi–, eta Azkoitian eta Zarautzen zenbatu zituzten; bi herri hauetan kasu bana izan zuten, eta eremu laranjan jarraitzen dute bi herriek. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituen Osakidetzak positiborik atzeman atzo.

Mila positibotik behera Hego Euskal Herrian

Olatua badirudi Hego Euskal Herritik urrutiratzen hasi dela. Atzo ere mila positibotik behera izan ziren lau lurraldetako datuak batu ondoren.

Osakidetzak emandako datuen arabera 723 kasu detektatu zituzten egindako 12.320 probatan, %5,9ko positibotasun tasarekin. Bezperako kopurua baino handiagoa da, baina PCR eta antigenoen proba gehiago ere egin zituzten atzo. Araban 99 positibo izan zituzten, 399 Bizkaian, 216 Gipuzkoan eta beste lurralde batzuetako beste bederatzi kasu. 93 lagun ospitaleratu zituzten, eta 157 lagun zeuden ZIUetan, bezperan baino zazpi gutxiago.

Nafarroan, kutsatzeek gora egin dute berriro Nafarroan, bi egunez 100etik behera egon ondoren. Astelehen honetan 138 kasu atzeman dituzte, Foru Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. Astelehenean 2.883 proba diagnostiko egin zituzten , eta horietatik %4,8 positibo izan dira. Horrenbestez, positibotasun tasa berdin mantendu da.

 

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituen Osakidetzak positiborik atzeman atzo.