'Aita Mari' arrantzalearen bizitza, xafla batean jasota

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 8a, 17:32

Erribera kalean jarri dute Jose Maria Zubia arrantzalearen bizitza labur-labur azaltzen duen xafla, haren oroimenez eraikitako bustoaren azpian. Urtarrilaren 9an bete ziren 155 urte Aita Mari hil zenetik.

1866ko urtarrilaren 9an zendu zen Jose Maria Zubia Aita Mari arrantzalea, Donostian. Beste hainbatetan egin bezala, egun horretan ere zenbait arrantzaleri laguntzeko asmoz ureratu zen zumaiarra: galerna batek harrapatu zituen Getariako bi ontzitako marinelak, eta haiei laguntza ematen saiatu zen. Itsasoak, baina, irentsi egin zuen Aita Mari.

1809ko martxoaren 18an jaio zen Zumaian. Hainbat eta hainbat itsas salbamendutan izan zen, eta horregatik bilakatu zen arrantzaleen sinbolo.

Zubiaren omenez, haren bizitza labur-labur jasotzen duen xafla bat jarri du udalak Erribera kalean, hain zuzen, haren oroimenez eraikitako bustoaren azpian. Arrantzalearen argazki bat dago xaflan, Javier Carballok utzitakoa, eta lau hizkuntzatan daude azalpenak idatzita: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

Bestalde, udalak jakinarazi du datozen hilabeteetan egingo direla bustoaren gainean dagoen metalezko plaka berritzeko lanak. Rakel Nacenta arduratuko da lan horietaz.