Agortu dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berrirako sarrerak

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 6a, 11:48

Amaren intxaurrak ikuskizuna ekarriko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek otsailaren 14an Zumaiara. Sarrerak berehala agortu dira. 

Zumaienako aretoan egingo dira ikuskizunaren bi emanaldiak: 15:00etan lehena eta 17:30ean bigarrena. Pandemiak eragindako osasun neurriak direla medio, aretoko edukiera murriztu behar izan dute. Hala, bi emanaldietarako sarrerak agortu dira dagoeneko. 

Inauteririk ez da izango aurten denok dakigun arrazoiengatik, baina Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak ez du hutsik egin nahi aurten ere. Zuzeneko eta taldekako emanaldiak prestatzeko zailtasunak egonik, ikus-entzunezko bat prestatu dute herritar guztientzako. Zumaiako Udal Musika Banda ere ekitaldiaren prestaketa lanetan murgilduta egon da.

Zumaiena aretoan ikusi ahal izango da otsailaren 12an eta 13an (ostiralean eta larunbatean) 17:30ean. Halaber, otsailaren 15etik aurrera baleike.eus eta zumaia.eus webguneetan ikusi ahal izango da bideoa.

Ekitaldi horietarako sarrerak doakoak izango dira, eta turismo bulegoan hartu beharko dira otsailaren 4tik aurrera. Herritar bakoitzak lau gonbidapen hartu ahal izango ditu gehienez.