Haurrentzako tailerrak antolatu dituzte Ludotekan otsailaren 15ean eta 16an

Mireia Galarza Bastida 2021ko ots. 7a, 09:00

Otsailaren 8tik 10era bitartean eman beharko da izena, eta ludotekako bazkideek lehentasuna izango dute. 

Zumaiako haurrek ez dute otsailaren 15ean eta 16an eskolarik izango, eta hori dela eta, haurrentzako tailerrak izango dira Ludotekan bi egun horietan. Berez, itxita egongo da ludoteka ohiko ordutegian, baina tailer horiek egiteko irekiko dute. Otsailaren 8tik 10era bitartean eman beharko da izena, eta bazkideek lehentasuna izango dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, beharrezkoa bada, zozketa bidez egingo da umeen hautaketa, eta telefono bidez jakinaraziko zaie emaitza. 

Otsailaren 15ean, astelehena, 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat zuzenduta izango da saioa - LH1 eta 3 bitartean -. Bertan, zehazki, 'Sortu eta Jolastu' tailerra egingo dute, alegia, eskulanak egiteko eta horiekin jolasteko aukera izango dute umeek. 10:00etatik 11:30era bitartean izango da saioa. 

Otsailaren 16an, berriz, LH 4-6 urte bitartekoen eguna izango da. Ordu tarte berean logika jolas eta asmakizunak ebatzi eta bete beharko dituzte. Misterioz betetako erronka jolasa izango da honakoa.

Tailer horietan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da maskara jantzita edukitzea. Halaber, bestelako osasun neurriak errespetatuko dira saio horietan.

Izen-ematea

Tailerretan izena emateko beharrezkoa izango da ludotekara deitzea - 943-14 32 64 -, e-posta bidez idaztea - ludoteka@zumaia.eus- edo zuzenean bertara joatea.